Arrasateko Udalak egin zuen Monterron parkeko arbolak aztertzeko eskaera, azken 15 urteetan zenbait zuhaitz erori eta beste batzuk, badaezpada, bota egin behar izan dituztela kontuan izanik; 22 guztira. Monterron parkea publikoa izanik, jende asko igarotzen da bertatik egunero-egunero, eta pertsona horien segurtasuna bermatzea du helburu ikerketa honek. Zuhaitzetan aditu Gabriel Iguiñizek egin du ikerketa, eta Gobernu Batzordeak atzo eguerdian onartu zuen ikerketaren emaitzak eta ekintza-plana jasotzen dituen informea.
Iguiñizek 111 zuhaitz aztertu ditu, eta gaixotasunik ez dutela ondorioztatu du. Arazoa zera omen da: arbolek urte asko dituztela, eta bata bestearengandik hain gertu egon izanak ez omen die batere mesederik egin. Bakantze edo entresaka lanik ez da egin, eta horrek arbolak gehiegi luzatzea ekarri du. Arboladia gaztea den bitartean ez da ezer gertatzen, baina zahartzen hasten direnean batzuk erori egiten dira, eta haiek utzitako hutsuneetatik haizea sartzen denean, besteek ez dute zutik irauteko nahikoa indar.
Zahartuta eta ahulduta
Leku eta argi falta, batetik, eta zainketa lanak egin ez izana, bestetik, izan dira gakoak eta, ondorioz, arbola asko zahartuta eta ahulduta daude orain. 36k erremediorik ez dutela dio Iguiñizek, lehenengo haize boladarekin ez bada bigarrenarekin edo hirugarrenarekin eroriko direla eta, halakorik gertatu baino lehen, bota egingo dituzte. 6-7 konifero eta magnolia bat moztuko dituzte, besteak beste. Hutsunerik handiena putzu ondoan sumatuko da, ordea; bertan dagoen haritz talde osoa ebakiko dute. Parkeko sekuoiak ere aztertu dituzte: ondo daude, eta zutik jarraituko dute.
Parkean anfiteatroa eta pasealekua egin izana zuhaitzen kalterako izan ote den zurrumurrua zabaldu da, baina Iguiñizek ezetz dio. Egia omen da anfiteatroaren gainetik doan bidea egiterakoan hainbat zuhaitzen sustraiak kaltetu zirela eta ondorioz batzuk erori direla, baina hori ez dagoela aurreikusterik gaineratu du.
Kudeaketa plana
Monterron parkeko zuhaitzen gaineko azterketa amaituta, mozketa lanak hasiko dituzte irail bukaeran edo urriko lehen egunetan. Hurrengo urratsa kudeaketa plan bat diseinatzea izango da, aurrerantzean ze arbola landatzea edo parkeari ze erabilera ematea komeni den jakiteko.