Udaletxeko langileen lanuzteak aztergai eguaztenean

Arrasateko Udaleko langileak aste honetan elkartuko dira berriro ere asanbladan, lanuzteekin jarraituko duten ala ez erabakitzeko. Udazkenerako hainbat lanuzte dute iragarrita langileek, baina Arrasatekoa denez Autonomia Erkidego osoan protestaldiekin jarraitzen duen udal bakarra, egoera berriro aztertzeko asanblada egingo dute.

Udaletxeko langileek diote Eudelek aurtengo sinatu duen lan hitzarmena ez dela era egokian onartu, ordezkaritzarik handiena duten sindikatuek ez dutelako parte hartu negoziazioetan. Hala ere, udal gehienek, tartean Arrasatekoak, hitzarmen hori sinatu dute.

Horren aurka protestatzeko, ekainean Ela eta Lab sindikatuek Euskal Autonomia Erkidego osorako deialdia egin zuten, lanuzteak egiteko. Arrasaten ere hala egin zuten eta, gainera, erabaki zuten protestaldiekin jarraitzea, baldin eta lan hitzarmena Arrasateko Udalean bertan eztabaidatzen ez bazen.

Orain, berriz, Arrasatekoa da protestak egiteko planteamenduarekin jarraitzen duen bakarra. Hori dela eta, hainbat langilek egoera berriro aztertzeko beharra ikusi dute eta aste honetarako, eguaztenerako asanblada egiteko deia egina dago. Bertan aztertuko dute, besteak beste, protestaldiekin eta lanuzteekin jarraituko duten ala bertan behera uzten dituzten.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.