Hasi dituzte Garaia Berrikuntza Gunea egiteko lanak

Goiatz Arana Begiristain 2004ko ira. 8a, 19:52
Oraindik ere lurjabeekin negoziaketetan jarraitzen duten arren, “premiazko okupazio” izendatu eta lurrak mugitzeari ekin diote.

Atzerapenak atzerapen, beharginek eman dituzte Garaia Berrikuntza Gunea errealitate bihurtzeko lehen urratsak. Abuztu hasieran ekin zioten lanari: pinuak bota eta lurrak mugitu dituzte.

Errepide ondoko Gautxoriko etxeak ere opor hilabete horretan eraistea zen asmoa, baina argi indar kableak eta etxepetik pasatzen den ubidea tarteko, ez da oraingoz halakorik egitea posible izan. Arazook konponduta, etxeak hilabete honetan bertan botatzeko itxaropena azaldu du Andoni Gartzia, Garaiako gerenteak. Gautxori ondoko Urra etxea urte t’erdiren buruan eraitsiko dute. Emi eta Errasti lantegiak lekuz aldatuko dira; Markuleteko industrialdera pasako dira urte bukaeran. Atxa lantegia, aldiz, desagertu egingo da urte batzuk barru.

Lehen fasea

Lurjabeen eta Garaiako kideen arteko negoziaketak zabalik dauden arren, Berrikuntza Gunekoek lanak hasteko baimena lortu dute “premiazko okupazio” deritzonaren bitartez. Lehendabiziko fasea da abian jarri dutena: hamazortzi hilabetean, gune osoko azpiegiturak instalatuko dituzte, eta 10 mila metro koadroko eraikin bat jasoko dute, lehen proiektuak martxan jarri ahal izateko. Fasearen aurrekontua bost milioi euro t’erdikoa da.

Bigarren fasea

Dena ondo badoa, bigarren faseari helduko diote 20-22 hilabete barru, eta aldi horretan errepideak bukatu eta egun existitzen ez diren zelaiguneak egingo dituzte, zazpi-zortzi milioi euro inguruko aurrekontuarekin. 2008 urtean Garaiari nortasuna emango dion eraikin erraldoi bat altxatuko dute.

Hirugarren fasea

Hirugarren fasean, Berrikuntza Gunean lanean ariko direnentzat kirol ekipamenduak eta jantokia aurreikusten dira, eta baita Garagartzatik Eroski merkatal gunera oinez joatea ahalbidetuko duen pasealekua ere. Era berean, unibertsitateko hirugarren eta laugarren mailako ikasleentzat eta kanpotik datozen ikertzaile eta zientzialarientzat egoitza bat eraikiko dute, eta Berrikuntza Gune ondoko etxebizitzen lokalak erosiko dituzte poloko proiektuen osagarri izan daitezkeen enpresentzat. Guzti hori, hemendik hamabost bat urtera Garaian 1200 bat lagun lanean ariko diren itxaropenarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak