Lehen agiriak lehortuta dagoeneko

Nerea Zubiete 2004ko ira. 8a, 12:44
Udal Artxibategiko lehen agiriak lehortuta daude jadanik eta Oñatira eramaten hasiak dira, hango biltegira. Hala ere, asko dago egiteko Arrasaten, oraindik ere agiri ugari daudelako Udal Artxibategitik atera barik eta bustita daudenak. Orain, beraz, agiriak lehortu ahala, artxibategitik Uarkapera eramatendabiltza bustitako agiriak.

Bustitako agiri gehienak Uarkapera eramaten dabiltza eta beste batzuk izoztu egin dituzte, onddoek behar baino gehiago ez hondatzeko. Izoztu dituztenen artean hauek ditugu: XVI. mendeko Udal Ordenantzak, Udal Errolda eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako akta batzuk. XVII. mendean hiritar batzuk aitonen seme zirela frogatzen zuten agiri batzuk ere izoztu egin dituzte. Beste batzuk egoera onean daude eta ez dute prozesu horren beharrik izan. Bestalde, Arrasateko Carta Puebla edo hiribildu izaera emateko 13garren mendean Alfontso 10garren Jakintsuak emandako agiria ez da hondatu urarekin. Horretaz gainera, erregeak hiribilduari emandako pribilegioak pergaminoetan egiten ziren eta horiek ere egoera onean daude.

Tarteka ateratzen dabiltza artxibategitik

Busti diren beste agiriak Uarkapera eramaten dabiltza, baina denak batera ez direnez sartzen, zatika eramaten dabiltza, beraz, oraindik agirien erdia baino gehiago Udaletxean daude, Udal Artxiboko arduradunak Arrasate Irratiari esan dionez.

Lehen agiriak lehortu dira eta orain Oñatiko biltegira eramaten dabiltza. Dokumentu administratiboak han geldituko dira eta agiri historikoak ere han egongo dira, baina han izango dituzte, erabaki arte zein izango den hartu behar duten tratamentua.

Balio handiko agiriak daude Arrasateko artxibategian eta hiritar askok orain jakin dute hori, baina artxibategiko arduradunaren esanetan, adituek eta herritar ugarik bazekiten bertan zer dagoen. Eta, gaineratu du, horrek eragina izan du, ezbeharra gertatu denean, erakunde publikoak, Foru Aldundia kasu, hain azkar mugitzeko orduan.

Geroa erabaki behar

Bustitako agiri guztiak Arrasateko Udal Artxibategitik ateratzen dituztenean, artxibategia bera garbitu eta tratatu beharko dute. Horren ondoren, Udalak erabaki beharko du zer egingo duen gelarekin eta non kokatuko duen aurrerantzean Udal Artxibategia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak