Larraitz Kortabarria autobusean harrapatu dugu, Bartzelonara bidean. Oraingo astean sinatuko du Bartzelonarekin, baina oraindik ez daki lehenengo edo bigarren taldean jokatuko duen. Hamazortzi urteko arrasatearrak Bartzelonan egingo ditu telekomunikazio ikasketak. Han egon behar dela jakinda, Bartzelona Futbol Taldeak astebetez entrenatzeko aukera eman zion, eta aurre-denboraldi osoa egin du eurekin. Eta, entrenamendutan erakutsi duenari esker, Bartzelonak arrasatearra fitxatzea erabaki du: "Oraindik ez dakit Super Ligan edo Liga Nazionalean jokatuko dudan, baina goiko taldean egotea izugarria izango litzateke. Lehenengo norgehiagoka Espanyolen kontra daukate, Camp Nou ondoan dagoen Miniestadin izango da partidua eta telebistaz emango dute".
Athleticek atzera egin zuen
Larraitz Kortabarria Mondran ibili zen joan den urtera arte. Athletic fitxatzekotan egon zen, Larraitzi hala esan zioten, gainera. Lezaman leku bat izango zuela agindu zioten baina azkeneko momentuan talde zuri-gorriak atzera egin zuen, eta Eibarren egin du denboraldia. Badirudi, futbol kontuetarako kataluniarrek bizkaitarrek baino begi hobea daukatela.