Unibertsitateko ikasleak kontratatzen dabil Udala, artxibategiko liburuak lehortzeko

Nerea Zubiete 2004ko ira. 2a, 14:07
Udal Artxibategian urarekin hondatu diren liburuak lehortzeko lanetan dabiltza Uarkapen. Gipuzkoako Foru Aldundiak bidalitako lau aditu dabiltza gidaritza lanak egiten, baina lagun ugari behar direnez prozesua aurrera ateratzeko, unibertsitariak kontratatzen dabil Udala. Gaur bertan hasi dira lanean ikasleak.

Unibertsitateko ikasleak kontratatzen dabil Arrasateko Udala, 20 bat egunetarako. Eskatzen zaien baldintza bakarra da 20 egun horietan gertu egoteko Uarkapen lan egiteko edozein txandan eta asteburuan ere, beharko balitz, lanera joateko. Momentuz, adituek ez dute aurreikusten gauez eta asteburuetan lan egin beharko denik, baina beharrezkoa balitz, gertu egon behar da horretarako ere, prozesua ezin delako eten.

Uarkapera eraman dituzte bustitako agiri eta liburuak, adituen esanetan toki zabala eta aireztatua behar delako lehortzeko. Gainera, bertako aire girotuarekin prozesua oso ondo doala esan du Pedro Barbachona, Diputazioak kontratatu duen adituak. Bere esanetan, dena oso ondo doa bertako giroa fresko mantentzea lortu dutelako eta hori delako hain zuzen, funtsezkoa: beroari ez uztea lekurik, hezetasunaren ondorioz prozesu biologikorik sortu ez dadin.

Egoeraren arabera, batzuk lehortu egingo dituzte eta beste batzuk izoztu egingo dituzte, gero gasifikazio prozesu baten bitartez tratatzeko. Edozela ere, prozesu luzea izango da eta tratamendu ugari egin beharko zaie Udal Artxibategiko liburu eta agiriei.

Guztira milioi bat orrialde busti dira, 180 metro apal. Gainera, hondatutako agirien %10 oso aspaldikoak dira, batzuk XV. mendekoak. Adituek diote horien balioa kalkula ezina dela. Bestalde, liburu zahar horiek pergaminozko orriak dituzte eta adituek diote horrek hobeto babestu dituela hezetasunaren aurrean, materiale hori hobea delako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak