Bittor Amozarrain: “Tontorrera igotzean ez da aparteko ezer sentitzen; jaisterakoan dator poztasuna”

Xabier-Urzelai 2004ko ira. 1a, 13:19
Bittor Amozarrain da zortzimilako bat egin duen lehen mondragoetarra. Hilabete eta erdi behar izan du Gasteizko lagunekin batera G-2 mendira igotzeko. Atzo, martitzena, kontatu zituen Arrasate Irratian Pakistanen bizi izandakoak.

Bittor Amozarrain ekainaren 12an abiatu zen Pakistanera, eta itzultzeko eguna uztailaren 24a bazuen ere, izan zuten eguraldi txarrak erabat baldintzatu zuen espedizioa: "G-2ra igotzeko denbora agortu zitzaigun eta ahal genuenok hegazkina atzeratu genuen. Beste batzuk, baina, etxera itzuli behar izan ziren”.

Publizitate gutxi

Uztailaren 26an Alberto Iñurrategik, Jon Belokik eta Jose Carlos Tamayok G-3an egindako lorpenaren eta Edurne Pasabanek eta Juanito Oiarzabalek K-2an lortutakoaren berri eman zuten komunikabidetan. Egun horretan bertan, baina, mondragoetar bat ez zegoen oso urrun, G-2 mendiaren tontorrean, hain zuzen: "Tontorrera iristean zer sentitzen den azaltzea ez da erraza. Poztasuna gero dator; tontorrean jaitsiera dago buruan; gogoratzen dudana da ondo iritsi nintzela, indarrez nengoela”.

Jaisterakoan ez zuten aparteko arazorik izan

"Argazkiak ateratzeko eskularruak kendu genituenean eskuak hoztu egin zitzaizkigun, eta sentsibilitate apur bat galdu genuen. Horrez gain, eztul asko izan genuen, eta glaziarretako batean galdu ere egin ginen, baina jaitsiera ona izan zen. Arazo horiek guztiak desagertu egiten dira lehenengo kanpamendura iritsitakoan". Berba onak ere izan zituen Bittorrek:"Eskerrak eman gura diet Alberto Iñurrategiri eta bere espediziokoei. G-2ra eta G-3ra joateko bide bera hartu behar da, eta banatu ginen arte eurek ireki ziguten bidea, gu baino indartsuago zeuden-eta”.

Asmo berriak buruan

Lehenengo zortzimilakoa egin eta gero beste asmorik ba ote duen galdetzerakoan hauxe Bittorren erantzuna: “Gustatuko litzaidake Cho Oyu-ra igo eta eskiatzen jaistea, baina asmoa baino ez da, ikusi egin behar. Espedizio honetan geure poltsikotik ordaindu dugu ia dena, eta hurrengoa babesleekin izan beharko da, loteria tokatzen ez bazaigu behintzat”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak