Oñatiko hiltegiak osasun arauak betetzen ditu, Osasun Sailak eginiko txostenaren arabera

Nerea Zubiete 2004ko uzt. 19a, 14:50

"Oñatiko Hiltegia Bizirik" plataformak Jaurlaitzako Osasun Saileko erantzuna jaso du eta bertan ziurtatzen da Oñatiko hiltegiak arau tekniko-sanitarioak betetzen dituela.

Hile honetan erabaki behar dute Debagoieneko Udaletako osoko bilkurek Oñatiko hiltegiarekin zer egin nahi duten. Erabaki hori gertu dagoen honetan, joan den astearen amaieran beste proposamen bat egin die Mankomunitateak ibarreko baserritarrei. Bertan hiru puntu aipatzen ditu: urtebetez hiltegia gorde, erabileraren gaineko proposamenen zain, abereak beste hiltegietara eramateak dakartzan gainkostua ordaintzea Mankomunitateak eta, azkenik, aukera guztien gaineko informazioa zabaltzea.

Kezkak sortu

Mankomunitateak egindako proposamenak kezkak sortu ditu "Oñatiko Hiltegia Bizirik" plataformako kideen artean, euren ustetan Mankomunitateak ez duelako ondo zehazten urtebetez hiltegia gordetzeak zer esan nahi duen, ixtea esan nahi duen ala zabalik edukitzea esan nahi duen. Hala ere, plataformako kideek ulertu dute hiltegia itxi egingo litzatekeela, bestela ez duelako zentzurik Mankomunitateak abereak beste hiltegietara eramateko gainkostuak bere gain hartzea.

Horretaz gainera, plataformako kideek uste dute joan den astean prentsan kaleratutakoak baserritarrak nahastu egin dituela. Izan ere, kaleratutako hainbat albisteren arabera, Mankomunitateak beste urtebetez zabalik edukiko du Oñatiko hiltegia eta, gainera, hiltegietara abereak eramateko garraioa ordainduko du. Albiste hori irakurrita, plataformakoek ikusi dute hainbat baserritarrek orain uste dutela azkenean Mankomunitateak ulertu dituela hemengo nekazarien nahiak eta gainera diruz lagunduko dituela. Plataformak, berriz, uste du hori ez dela Mankomunitatearen benetako asmoa.

Erantzuna

"Hiltegia Bizirik" plataformako kideek uste dute oso arriskutsua dela hiltegia urtebetez ixtea, gero oso zaila izango delako berriro abian jartzea. Gainera, diote, Mankomunitateak epe hori jarri duela, bitartean proposamenak jaso ahal izateko. Baina plataformak gogoratu du eurek proposamen bat aurkeztu zutela ekainean Mankomunitateak egin zuen Gobernu Batzarrean, baina oraindik, osoko bilkurak egiteko dauden honetan, ez dutela erantzunik jaso. Eta orain, Mankomunitatearen azken proposamenaren epearekin ere gauza bera gertatuko ote den zalantza dute.

Mankomunitatearen erantzunik ez, baina bai jaso dute Eusko Jaurlaritzatik erantzuna, esanez, Oñatiko abereen hiltegiak betetzen dituela beharrezko arau tekniko-sanitario guztiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak