Erantzun ezberdina autoeskoletako lanuztearen aurrean

Nerea Zubiete 2004ko uzt. 13a, 15:22
Lan hitzarmenaren inguruko negoziazioa berriro abian jartzea eskatzeko, Gipuzkoako autoeskoletan lanuztea egiteko deia zabaldu dute gaurko ELA eta LAB sindikatuek, gaur Azpeitian gidabaimena ateratzeko azterketak izan behar zirela aprobetxatuz. Arrasaten erantzuna ezberdina izan da, azterketak Azpeitian edo Beasainen egiten dituzten autoeskolen araberakoa, hain zuzen.

Leniz, Peñacoba eta Larringan autoeskolek Azpeitian zuten gaur gidabaimena eskuratzeko azterketa eta autoeskola hauetako irakasleak hara joan dira, baina han protesta ekitaldian parte hartu dute eta ez dute azterketarik egin. Telleria eta Arrasate autoeskolek, berriz, Beasainen egitendituzte azterketak eta gaur ez dute lanuzterik egin.

Lan hitzarmena

Lan hitzarmena sinatzeko negoziazioa etenda dagoelako egin dute lanuzterako deialdia ELA eta LAB, autoeskolen arloan ordezkaritza duten sindikatuek. Otsailean hasi ziren negoziatzen lan hitzarmena, baina sindikatuek adierazi dutenez, martxoaren erdialdean, hitzarmena ia sinatzeko moduan zegoenean, patronalak eten egin zuen negoziazioa. Sindikatuek diote patronalak kendu egin zituela negoziatzen zebiltzan ordezkariak eta berriak jarri zituela. Hauek, salatu dute, huts hutsetik hasi nahi zutela. Sindikatuek, berriz, ordura arteko negoziazioan lortutakoa ez zuten galdu nahi eta hor etorri zen etena.

Une honetan punturik istilutsuena langileen lan orduena da. Bereizketa egiten dute autoeskolen langileen artean. Alde batetik garbiketa eta administrazioko langileak dituzte, teorikako irakasleekin batera. Horiek astean 40 ordu lan egiten dute eta praktiketako irakasleek baino gutxiago kobratzen dute. Kasu honetan orduen murrizketa eskatzen dute sindikatuek.

Praktikako irakasleen kasuan, berriz, lan egiten duten orduen errekonozimendua da gakoa. Irakasle horiek ehun orduko oinarrizko soldata dute, baina ordu errealak gehiago izaten dira. Horrek ordea ez du isla geroko oporretako eta extretako ordainketetan. Sindikatuen ordu horiek errekonozituaz joateko eskaria egin dute.

Horren guztiaren aurka protestatzeko, gaurko lanuztea deitu dute sindikatuek aprobetxatuz Azpeitian deialdia zutela hainbat autoeskolek gidabaimenaren azterketa egiteko. Hainbat irakasle hara joan dira, baina ez dute azterketarik egin.

Horrek, azaldu dute, ez du eraginik izango ikasleengan. Aste honetako deialdia gorde egingo diete eta hurrengo aste baterako utziko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak