Ezker Batuak Eudel-en esku hartzea eskatu du San Josepe Harrobiaren auzian

Nerea Zubiete 2004ko uzt. 12a, 18:15
Arrasateko Ezker Batua taldeak idatzi bat bidali dio Eudel erakundeari, San Josepe II Harrobiaren auzian parte har dezan. Idatzian akordioen, erabakien eta egoeraren berri eman dute. Ezker Batuak eskatu dio Eudeli, auzi honetan ere, udalen subiranotasunaren alde egin dezala.

Idatzian Ezker Batuak azaldu dizkio Eudeli, Udalaren eta San Josepe Harrobiaren arteko hitzarmenak zeintzuk izan diren, zeintzuk diren udalean dauden txostenak eta aurtengo apirilean Udal Osoko Bilkurak harrobiaren jarduera eteteko hartu zuen erabakia. Horretaz gainera, Ezker Batuak jakinarazi dio Eudeli Jaurlaritzako Meategien Sailak oraindik ere baimena ematen diola harrobiari jarduerarekin jarraitzeko.

Ezker Batua taldeak nahi du Eudelek jarrera aktiboa har dezan auzian, udalen autonomia zapaldu duten beste auzietan hartu duen moduan.

San Josepe Harrobiak ere idatzi bat kaleratu zuen auziaren inguruan, azalduz, Udalak hartutako erabakiaren aurrean helegitea jarria duela auzitegietan. Harrobiaren esanetan, helegitea aurrera doan bitartean, enpresak duen jarduera legezkoa da eta une honetan behar diren erakunde guztien baimenekin dabil lanean. Auzia horrela dagoen bitartean, epaileak izango duela azken hitza esan zuen enpresak. Ezker Batua alderdiak, berriz, uste du, Udalaren baimenik ez duen bitartean, harrobiak ezin duela lanik egin.

Joan den egubakoitzean, ostiralean bidali zion Ezker Batuak idatzia Eudeli, jarrera aktiboa har dezala eskatuz. Alderdiak espero du Eudelek hamabost egunen buruan erantzuna emango diola.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak