G3 musika jaialdi ibiltaria ekainaren 13an iritsi zen Europara, Herbeheretan, hain zuzen. Eta asteburuan, Debagoienera iritsiko da. Hasieran Bergarako Jam aretoan izango zela aditzera eman zen, baina areto aldaketa egin behar izan dute, eta Arrasateko kiroldegian izango da kontzertua.
Joe Satriani, Steve Vai eta Robert Fripp gitarra jotzaileak etorriko dira. Horietako bi, Satriani eta Vai, proiektuaren sortzaileak izan ziren, 1996an, eta ordutik parte hartzen dute bira honetan. Zortzi urteotan, lehenengo aldia izango du G3 jaialdiak Europan, AEBk eta Kanada luze eta zabal korritu ondoren. Gitarra doinuen zaleek hitzordua dute, hortaz, Musakolako kiroldegian.