Alejandro Martinek eta Brigida Monjek jaso dituzte opariak Ignacio Lakunza alkatearen eskutik

San Juan egunean ekitaldi ugari izan dira. Monterronen Arrasate Musikaleko bandak kontzertua eskaini du. Abaroa elkartean, ostera, omenaldia egin diete 80 urtetik gorako arrasatearrei. Alejandro Martinek eta Brigida Monjek jaso dituzte udalbatzarraren opari nagusiak. Ekitaldi ofiziala izan da eta Arrasateko udalbatzarreko kide gehienek parte hartu dute.

San Juan eguna da gaur, Arrasateko jaietako egun handia, eta kaleetan giro polita izan da. Besteak beste, kontzertua izan da Monterron parkean, Arrasate Musikaleko Bandak eskaini duena. Gu, baina, Abaroa elkartera gerturatu gara, izan ere, bertan udalbatzarraren ekitaldi ofiziala izan da.

Alejandro Martin eta Brigida Monje eguneko protagonistak Abaroa elkartean

Omenaldia egin diete 80 urtetik gorako arrasatearrei eta opariak eman dizkiete. Gainera, nagusienei lorak eta txapela ere eman dizkiete. Emakumezko nagusiena Brigida Monje García da. 1906an jaio zen, eta 98 urterekin gustura jaso du alkatearen eta udalbatzarraren oparia.

Gizonezkoetan, ostera, Alejandro Martin Lázaro izan da, 1909an jaioa. Hari txapela jarri dio alkateak. Segidan, gainerako erretiratuei, 150 inguru gerturatu dira gaur Abaroara, opariak eman dizkiete, giltzariak eta bonboiak. Txalo artean jaso dituzte opariak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.