Danborrak astindu zituzten 175 bat gaztetxok Arrasaten

Eneida Iturbe 2004ko eka. 21a, 10:53
Aste bukaera honetan eman diete hasiera San Juan jaiei Arrasaten. Ekitaldi deigarrienetako bat haurren danborrada izan da; zapatu arratsaldean ospatu zuten, SUDC elkarteak antolatuta. 175 bat neska-mutikok hartu zuten parte.

Euria egingo ote zuen beldur ziren, baina ateri mantendu zen danborradak iraun zuen bitartean. 175 bat neska-mutikok hartu zuten parte, eta urtero egiten duten ibilbidea bete zuten: Nafarroa etorbidean hasi, eta Garibai, Maala eta Erdiko kalea zeharkatuta Herriko plazara iritsi ziren.

Danborradaren buruan jenerala zihoan, zaldi gainean eta dotore jantzita. Bere ondoren banderadun neskak, hauek ere zaldi gainean. Atzetik, zazpi konpainiatan banatuta zihoazen neska-mutikoak. Kupeldunak ziren ugarienak eta bi taldetan banaturik zeharkatu zituzten Arrasateko kaleak: neskak alde batetik eta mutilak bestetik. Arrasate Musikaleko Bandak jotzen zuen musikaren erritmora astindu zituzten danborrak. Txikienak karrozan eraman zituzten, baserritar jantzita.

Plazan emanaldia

Ikusleak kale guztietan izan zituzten zain danborrariek. Plaza ere beteta zegoen eurak iritsi baino ordu erdi lehenago. Zaldiak eta karroza kanpoan utzita sartu ziren plazan. Jeneralak eta banderadunek bira bat eman zioten eta udaletxeko balkoira igo ziren. Danborrariek eta bandak Tatiago, Donostiako martxa, Gora Arrasate, Udalpe jo zituzten, eta San Juanetako ereserkiarekin eman zioten amaiera danborradari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak