Lanuzteak Udaletxean lan hitzarmena eskatzeko

Nerea Zubiete 2004ko eka. 1a, 14:28
Gaur egingo dute lehen lanuztea Arrasateko Udaletxeko langileek, oraindik ere lan hitzarmena sinatu barik dutelako. Udaletxeko langile gehienek eman dute ELA eta LAB sindikatuek egin duten greba deialdiaren aldeko botoa. Horretaz gainera, salatu dute Lakunza alkateak eta gobernu taldeak jarrera itxia agertu dutela negoziatzeko eskaera egin dieten bakoitzean.

Gaur goizean batzartu dira udaletxeko langileak eta, Enpresa Komiteko kideen esanetan, langile gehienak izan dira bilera horretan eta langileen gehiengo zabalak eman du lanuztearen aldeko botoa. Aste honetan gaur eta ostiralean egingo dituzte ordu eta erdiko lanuzteak, eguerdiko 12:30etatik 14:00ak bitartean. Datorren astean, berriz, batu egingo dute lanuzte osoa egun baterako eta, oraindik zehaztu barik dagoen egunean, hiru orduko lanuzte bat egingo dute.

Jarrera autoritarioa

Udaletxeko langileek gogor kritikatu dute Lakuntza alkateak eta agintaldi honetako Gobernu Taldeak duten jarrera. Autoritarioa dela euren jarrera esan dute. Udaletxeetako eta Foru Aldundietako langileek ARCEPAFE izeneko lan hitzarmenaren akordioen arabera egiten dute lan. Mobilizazioak deitu dituzten ELA eta LAB sindikatuek salatu dute azken hiru urteetan ez dela hitzarmen hori negoziatu eta aurten ere Eudel, Autonomia Erkidegoko Udalen Elkarteak ez duela negoziaketa mahaia zabaldu ere egin. Eudelekin negoziazioak aurrera ezin duela egin ikusirik, tokian tokiko hitzarmenak egiten ahalegindu dira sindikatu biak. Arrasateko langileek diote azken sei hilabetetan ahalegindu direla negoziaketa aurrera eramaten, baina alkatearen eta gobernuaren partetik ezetza jaso dutela une guztietan. Orain, ekainean, hirugarren urtez, lan hitzarmena sinatu barik dute.

Gaur hasi lanuzteak

Gaur hasiko dira lanuzteekin eta, negoziaketak aurrera egiten ez badu, lanuzteak eta mobilizazioak gogortu egingo dituztela iragarri dute. Beraz, gogoratu gaur eta ostiralean udaletxeko bulegoak eguerdiko 12,30etan itxiko dituztela eta hurrengo lan egunera arte ez dituztela zabalduko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak