Aspaldian Arzamendi osasunez gaizki zebilen, eta duela gutxi koman sartu zen. Gaur, egubakoitza, hil egin da. Juanito Arzamendi oso ezaguna izan da herrian. Izan ere, lan handia egin du musika alorrean. Besteak beste, urteetan Arrasateko Musika Bandako zuzendari izan zen; Arrasateko Musika Eskolaren sorrera bultzatu zuen eragileetako bat izan zen, Mari Errauskin ipuina operara moldatu zuen. Udalatx mendiaren omenez egin zuen "Udalamendi" poema sinfonikoa ere berak egin zuen. San Juan Parrokian koroaren zuzendari ere izan da. Pianoa jotzen ikasi zuen Enrique Alvarezekin, baina armonia eta konposizioa menderatu nahi zituen, eta aukera hori estatuko maisurik onenak eman zion: Francisco Escuderok.
Arrasateko Arzamendi anaiek musikagintzan lan handia egin dute, eta Juanitoren semeak, Eduardok, buru-belarri jarraitzen du halako lanetan.