AGRk domekan du Euskadiko Mailara igotzeko aukera, Corazonistasen kontra

Xabier-Urzelai 2004ko mai. 27a, 14:15
Igoera faseko azkeneko partidua jokatuko dute domekan (12:30, Iturripen) AGR Arrasatek eta Corazonistas taldeek. Azkeneko partidua eta urte osoko garrantzitsuena, bi taldetako bat Euskadiko Txapelketan izango da-eta datorren denboraldian.

Arrasateko Eskubaloi Taldea da aurten Mondragoeko kirol taldeen artean maila onena erakutsi duena. Eta, hori baieztatzeko ez daukagu zertan domekako partiduaren zain egon. Domekan irabazi ala galdu, Arrasateko eskubaloiko zuzendaritzakoak arro egon daitezke jokalariek aurten egin duten lanarekin, baita jarraitzaileek ere.

Territorial maila txiki geratu zaiela joan den urtean ere erakutsi zuten, nahiz eta azkenean igoera fasetik kanpo geratu. Aurten, berriz, Ligan bigarrenak izan dira, Urolaren atzetik, baina igoera fasean erakutsi dute gainontzeko territorial mailako taldeen artean ez dagoela eurak baino hoberik. Urola globo handi bat zen Ligan, baina igoera fasean aire barik geratu da. Eta, bizkaiko Romo eta Arabako Corazonistas taldeez gain, Arrasateko AGRk erakutsi du Euskadiko Txapelketan jokatzeko nahikoa maila baduela.

Zaleen beharra, domekan

Arrasatek aldeko gauza bat dauka domekan: etxean jokatzen duela. Hala ere, etxean jokatzeak abantaila txikia du, harmailetan herriko taldea bultzatzeko jarraitzailerik ez badago. Igoera faseko azkeneko jardunaldietan, baina, jokalari mondragoetarrek igarri dute Iturripen jokatzen zutela, harmailetan zaleen berotasuna igarri ahal izan dute-eta. Euskadiko Mailara igotzeko azkeneko urteotan izan duten aukera onena izango dute domekan, baina horregatik ez dago zertan itsututa kantxaratu. Lehen ere menderatu zuten Corazonistas, eta domekan ere gauza izango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak