Monterrongo komunak berriro apurtuta

Nerea Zubiete 2004ko mai. 26a, 12:26

Udalak berriro itxi behar izan ditu Monterrongo komun publikoak, joan den zapatuan egin zizkieten kalteen ondoren. Apurtu egin zituzten komunetako hainbat gauza eta kalteak konpontzeko 2.000 euroko aurrekontua behar da.

Maiatzaren 22an, zapatuan, egin zituzten kalteak. Udaleko Zerbitzu Teknikoetako Sailetik azaldu dutenez, jarlekuak, sabaia eta gainontzeko osagaiak ere apurtu zituzten. Guztia konpontzeko 2.000 euro beharko dira.

Arrasateko Udala oso haserre dago, gizarteari eskaintzen zaizkion zerbitzuak arrazoirik gabe hondatzen dituztelako. Udalak esan du behar diren neurriak hartuko dituztela, egindakoaren erantzunkizunak argitzeko eta, bestalde, horrelakorik berriro gerta ez dadin.

Ez da lehen aldia

Monterrongo komunak 2003ko apirilean zabaldu zituzten eta hasiera batean gau eta egunez egoten ziren zabalik. Baina, komunak zabaldu eta handik hilabetera 3 eraso izan zituzten eta kalte garrantzitsuak eragin zizkieten eta Udalak itxi egin behar izan zituen, konpontzeko. Gainera, erasoak gauez izaten ziren eta, horren ostean, Udalak erabaki zuen egunez bakarrik zabalduko zituztela.

Orain egunez izan dira kalteak, baina berdin berdin itxi behar izan ditu Udalak Monterrongo komunak, konponketa lanetarako. Aseguru etxeari parte eman diote eta ahalik eta azkarren zabaldu nahi ditu berriro komunok Arrasateko Udalak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak