Mendi Astean diapositiba emanaldiak gaurtik hasi eta egubakoitzera arte

Xabier-Urzelai 2004ko mai. 24a, 20:41
Besaide Mendi Elkartekoak Mendi Astean daude murgilduta, eta ekimen horri esker, gaurtik hasi eta egubakoitzera arte diapositiba emanaldi ikusgarriez gozatzeko aukera izango dute herritarrek. Diapositiba emanaldi guztiak Monterronen izango dira, 19:00etan.

Besaide Mendi Elkarteak antolatutako diapositiba emanaldiak izango dira astelehenetik egubakoitzera arte. Ikus-entzuneko guztiek, natura eta abentura izango dituzte abiapuntu.

Astelehenean, mendiak eta lurrak

Joseba Egibarrek egingo duen diapositiba emanaldiak erakutsiko du mendi eta paraje ederrez gozatzeko ez dagoela zertan Hilamaiara joan behar, Euskal Herrian paraje eder asko daude-eta. Mendiak eta Lurrak izeneko emanaldiak 40 minutu iraungo du, eta 500 argazki erakutsiko ditu.

Martitzenean, munduari itzulia bizikletan

Martitzenean Eneko Etxebarrietak gasteiztarrak Munduari itzulia bizikletan izeneko diapositiba emanaldia egingo du. Eneko Lehen Hezkuntzako irakaslea da, eta argazkigintza eta bizikletan ibiltzea atsegin du. Miyuki Okabe lagunarekin batera bakarra den esperientzia egin berri du: lau urte eman ditu munduari itzulia egiten, bizikletan. Eta, abentura horren berri emango du martitzenean. Horretarako, Enekok bidaian egindako 300 argazki erakutsiko ditu eta urte horietan guztietan izandako bizipenak kontatuko ditu.

Eguaztenean, Lurreko lurralde hotzetan barrena

Eguazteneko diapositiba emanaldia Juan Vallejo gasteiztarrak egingo du. Juan Vallejo ezaguna da Al filo de lo imposible telebista saioko kolaboratzaile delako, eta espedizio ezagunetan parte hartu duelako. Juan Vallejok Patagonia eta Groenlandia leraz zeharkatu zueneko abentura kontatuko du.

Eguenean, Transeuropa

Eguen arratsaldean Oreretako Ina Rufo izango da Monterronen. Inak eta lagun batzuek Europa osoa zeharkatu zuten eskiak, piraguak eta bizikletak erabilita. Ipar Lurmuturrean hasi eta Tarifan amaitu zuten ibilbidea, bost hilabete geroago.

Egubakoitzean, horma handienak era askean

Diapositiba emanaldiekin amaitzeko, egubakoitzean Eneko Pou izango da Monterronen. Eneko eta Iker Pou anai gasteiztarrek AEBtan dagoen Kapitain horma ezagunean egindako igoeraren kontakizuna izango da egubakoitzeko emanaldia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak