Jende ugari jakin-minez gerturatu zen lehenengo Erdi Aroko azokara

Jon Berezibar 2004ko mai. 24a, 11:00
Era guztietako tailer eta artisauek hartu zuten parte. Titiritero talde bat ere ibili zen jendea animatzen. Udalaren asmoa festa hau urtero antolatu ahal izatea da, aurten enpresa baten esku utzi badute ere.

Titiritero, artisau eta antzinako usadioz bete zen asteburuan Arrasateko alde zaharra, orain dela ia bostehun urte ospatzen ziren antzinako ferien antzera. Guztira, ia hirurogei postu eta hogeita hamabost artisauk hartu zuten parte eta egun osoan titiritero talde zirikatzailea ibili zen herriko bazterrak nahasten. Eguna makal hasi bazen ere, arratsalderako jende ugari animatu eta alde zaharra txiki geratu zen gerturatutako jendetza hartzeko. Herritarrak zein kanpotik bisitan etorritakoak jakin-min handiarekin gerturatu ziren lehenengoko Erdi Aroko azokara.

Denetarik izan zuen asteburuko azokak. Antzinako garaiak gogora ekartzeko asmoarekin, artisauek hainbat langintzen erakustaldiak egin zituzten. Dendak, baina, ez ziren izan azokako erakargarri bakarrak. Egunean zehar hainbat ikuskizun egon ziren titiritero taldearen eskutik.

Denetariko bitxikeriak

Egiten den lehen aldia izateko eskaintza zabala izan zuen azokak. Udalak Pegasus enpresa kataluniarraren ardurapean utzi zuen antolaketa. Hala ere, herriko dantzari eta konpartsek ere esku hartu zuten hainbat ekitalditan. Gauza benetan bitxiak egon ziren ikusgai.

Aipatzekoak dira harrien bitartez etorkizuna ikus zezakeen igarlea edo era guztietako gaitzak sendatzen zituen belar-saltzailea. Artisauen tailerrak ere egon ziren, errementariarena, adibidez. Kontutan hartu behar da, gainera, era honetako azoken kalitatea eskaintzen dituen tailerren kopuruarekin neurtzen dela.

Giro polita egon zen egun osoan, eta horretan zerikusi handia izan zuten kaleetan zehar animatzen ibili ziren titiriteroek. Hainbat ikuskizun eskaini zituzten, baina bereziena gauekoa izan zen, suzko malabarrena, hain zuzen ere. Saio horrekin itxi zuten zapatuko azoka-eguna.

Gauzak horrela, aurtengoak izandako harrera ikusi eta gero, datorren urtean errepikatzeko asmoa dauka Udalak, urteroko hitzordu bihurtu nahi dute-eta, Balmasedan eta Errioxako Santo Domingo de la Calzadan egiten den modura.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak