AGRk Urolari irabazi behar dio goialdean jarraitu ahal izateko

Xabier-Urzelai 2004ko mai. 7a, 20:17
AGR Arrasate Eskubaloi Taldea behetik gora dator, eta mondragoetarrak dagoeneko hirugarrenak dira sailkapenean. Deustuan irabazi eta gero, bihar, gipuzkoarren arteko derbia izango da ikusgai Iturripen. Eta, mondragoetarrak errebantxa gogoz daude.

Igoera fasean konplexu apur batekin hasi zen Arrasateko taldea, urduritasunez, eta kale egin behar ez den momentuetan kale eginez. Arrasateko jokalariek, baina, berehala ikasi zuten ikasgaia, eta azkenaldian ez da egon AGR Arrasate geratuko duen talderik. Joan den astean jaitsiera faseko azkeneko postuan zegoen Bizkaia Deusto taldeari irabazi zioten (25-32), baina lehenago ere taldeak maila oso ona erakutsi zuen lehenengo postuetan zeuden taldeen kontra.

Helburua oso argi

Arrasateko taldeak oso argi du goiko mailara igotzea dela aurtengo helburua, eta hori lortzeko jokalariek daukaten guztia emango dute. Oraingo asteburuan, Arrasatek Urolaren kontra jokatuko du. Bi talde horiek ondo baino hobeto ezagutzen dute elkar, eta seguru, norgehiagoka parekatua izango dela.

Liga Txapelketan, Zumarragako taldea hobea izan zen, baina igoera fasean Arrasate dabil askoz ere indartsuago. Gainera, jokalari mondragoetarrak errebantxa gogoz egongo dira. Batetik, Ligan Urola aurreratu zelako; eta bestetik, igoera faseko joaneko itzulian Urola nagusitu zelako. Biharko partiduak, gainera, garrantzia handia du, igoera faseko goiko postuetan alde txikia dago-eta.

Corazonistas eta Romok bederatzina puntu dituzte, eta atzetik dator AGR, zortzi punturekin. Oraingo asteburuan aurrean dauden bi talde horiek elkarren kontra jokatuko dute, hortaz, aukera ezin hobea izango du AGR Arrasatek sailkapenean aurrera egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak