Egitamu Orokorrari alegazioak, etxebizitzen inguruan

Arrasateko Egitamu Orokorrari etxebizitzen inguruan egindako aldaketa batzuk erantzuna izan dute. Ezker Batua eta Aralar-Zutik alderdiek eta Denontzat Plataformak alegazioak jarri dituzte, babes ofizialeko etxe gehiago eta dentsitate txikiko etxebizitza edo txalet gutxiago eskatuz.

Arrasateko Egitamu Orokorrari egindako aldaketak ikusgai egon dira jendaurrean, alegazioak egiteko. Apirilaren 13ra arte egon da aukera hori eta guk alegazio batzuen berri izan dugu. Ezker Batua eta Aralar-Zutik alderdiek eta Denontzat plataformak, esate baterako, etxebizitzei lotutako alegazioak egin dituzte. Hiru talde horien esanetan, gaur egun Arrasaten dagoen etxebizitzen eskaintzak ez dio erantzuten gizartean dagoen beharrari. Gizartean babes ofizialeko etxe gehiago behar dira, herritar gehienek arazoak dituztelako merkatu libreko etxebizitzak erosteko, talde horien esanetan.

Dentsitate txikiko etxebizitza edo txaletekin proposatzen den politika aldatzea da hiru taldeek egin duten beste eskaera bat. Arrasaten, diote, lurzorua oso mugatua da eta eraikuntza horiek eginez, lurzorua gaizki aprobetxatzen dela uste dute.

Herritarren parte hartzea

Hiru taldeek, Ezker Batuak, Aralar-Zutik-ek eta Denontzat Plataformak egin duten beste eskaera izan da, baliabideak jartzea herritarrek parte hartze handiagoa izan dezatela, erabakiak hartzeko orduan ere. Euren ustetan herritarren parte hartzea ezin da mugatu alegazioak jartzera eta ondorengo eztabaidetan eta erabakiak hartzeko orduan ere esku hartu behar dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.