Besaidek mendizeharko eski irteera antolatu du maiatzeko lehenengo astebururako

Xabier-Urzelai 2004ko api. 22a, 19:56
Eski estazioek dagoeneko itxi dituzte ateak, baina Pirinioetan orain ere gura beste elur dago. Hori aprobetxatuz, Besaide Mendi Elkarteak mendizeharko eskia egiteko irteera antolatu du datorren astebururako (maiatzak 1 eta 2).

Aspaldi ez da sasoi honetan horrenbeste elur egun Pirinioetan. Eski estazioetan oraindik ere gura beste elur dago, eta egoera onean, gainera. Estazioek, baina, ateak itxi behar izan dituzte, ezin dute-eta denboraldia gura beste luzatu. Mendizeharko eskia egiten dutenek, berriz, ez dute horrelako arazorik, eta datozen asteotan ere eskiatzen jarraitu ahal izango dute.

Pic de Mulleres-era

Besaide Mendi Elkarteak mendizeharko eskiko hainbat irteera antolatu ditu aurten, eta oraindik ere horretan dabiltza. Datorren asteburuan Pic de Mulleres-era joateko irteera antolatu dute. Pic de Mulleres Araneko ibarrean dago, Anetotik oso gertu. Irteera horretan izena emateko aukera datorren martitzenean, hilak 27, edo eguaztenean, hilak 28, izango da. Horretarako, interesa dutenek Besaideren egoitzara joan beharko dute, 19:30etik 20:30era arte.

Irteerek erantzun ona

Besaidek antolatu dituen mendi irteerek erantzun ona izan dute aurten ere. Mendiko eskia egiteko Formigalera egindako irteerak beti izan dira arrakastatsuak, baina azkenaldian jende askok hartu du esku mendizeharko eskiko irteeretan. Horrez gain, aurten, Besaidekoak iraupen eskia egitera ere animatu dira, eta gustura geratu ziren Somport-era egindako irteerarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak