"Mondragon", liburu denda berezia Kanadan

Joxe Aranzabal 2004ko api. 6a, 11:05
Mondragoeko kooperatibak eredu izan dira Winnipeg hiriko zenbait jenderentzat, Kanadan, non sortu duten liburu denda bat Mondragon izenarekin, eta eratu printzipio anarkisten arabera: langileen kontrola lantokien gainean, komunitatearen kontrola baliabideen inguruan eta behetik gorako agintea.

Winnipeg da Manitoba probintziako hiriburua, Kanadaren erdialdean. Gaur egun 685.000 bizilagun ditu, eta horietako asko leku bitxi batera joaten dira, nahi dutenean liburu bat erosi, mokadu bat jan barazkijaleen estiloan, edo kafe bat hartu.

Mondragon liburu dendaz ari gara. Jabeek argi adierazten dute sarreran bertan Mondragoeko kooperatibetan hartu dutela eredu liburu dendari izena emateko ezezik, baita beren lana antolatzeko orduan ere: “gure liburu denda eta kafe etxea antolatuta dago langileen talde moduan. Ez daukagu zuzendari nagusirik, eta langile guztiok irabazten dugu berdin, prestakuntza edo antzinatasuna gorabehera. Horregatik, deitzen diogu geureari ‘lantoki partehartzailea’”.

Mondragonek liburuak eta egunkariak saltzen ditu, gehienak ezker joerakoak: anarkismoa, ekologia, herri indigenak, marxismoa, feminismoa, sexualitatea, etab. Baita komikiak, bideoak eta CDak, posterrak, elastikoak eta opariak ere.

Liburu denda ezezik, Mondragon jatetxea ere bada, erabat barazkijaleentzat. Sandwichak, platerak, entsaladak, pastelak, gailetak, etab. eskaintzen ditu, menu honetan ikus daitekeen moduan.

Faxistarik gabeko eremua

Faxistek hobe lukete han ez agertzea, ez dira-eta ongi etorriak. Webguneak berak ere argi adierazten du Mondragon liburu denda faxistarik gabeko eremua dela. Eta erretzaileek ezingo lukete han erre, debekatuta baitago.

Hala ere, jende asko joaten omen da Mondragon liburu dendara, han era guztietako ekitaldiak antolatzen baitira: liburu aurkezpenak, musika jaialdiak, mahai inguruak, eztabaidak, etab.

Inoiz agertzen bazarete Winnipegen, eta nahi izanez gero Mondragon liburu dendara joan, hauxe duzue helbidea: Albert kalea, 91. Tel.: 204 946 5241.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak