Domekan, Euskadiko Openeko lasterketa Arrasaten

Xabier-Urzelai 2004ko martxoaren 25a

Domekan korrituko dute bigarren urtez Euskadiko Mendiko Bizikletako Opena, Musakolan. Lasterketa hori antolatzen orain dela gutxi aurkeztu berri duten taldea ibili da lanean; Ederra Taldea, hain zuzen.

Domekan 180 lasterkari inguru izango dira Musakolan Euskadiko Open-eko bigarren lasterketan esku hartzeko prest. Lasterketa goizeko hamaiketan hasiko da, Eroskiko aparkalekuan. Guztira zazpi maila izango dira: elite maila, 23 urte azpikoak, master 30, master 40, juniorrak, kadeteak eta neskak. Ibilbideak zortzi kilometroko luzera izango du, eta 265 metroko desnibela. Joan den urtean, bi tanda egin zituzten, baina aurten denak batera irtengo dira, lasterketa larregi ez luzatzeko; horrez gain, proba askoz ere ikusgarriagoa izango da.

Elite, 23 urte azpiko eta master 30eko lasterkariek lau itzuli eman beharko dizkioke ibilbideari; master 40 eta junior mailakoek hiru itzuli eta kadeteek eta neskek bi itzuli.

Ibarreko talde bat

Domekako lasterketarako Debagoienak ordezkaritza propioa izango du, Ederra Taberna taldeko ziklistek lasterketan parte hartuko dute-eta. Ederra Taberna orain dela gutxi sortu duten mendiko bizikletako taldea da, eta eurek egin dute domekako lasterketa antolatzeko lan handiena. Ederra Taberna taldea Felix Zugasti (Arrasate), Zigor Urain (Arrasate), Iñigo Roldan (Aretxabaleta) eta Igor Lazkanok (Eskoriatza) osatzen dute. Horiez gain, baina, ibarreko beste ziklista batzuk ere hartuko dute esku lasterketan, lehenengo proban bigarren sailkatu zen Jose Angel Lopezek, esaterako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak