PSEk eta EAk ekin dituzte hauteskunde kanpainako ekitaldiak Arrasaten

Gorka Etxabe 2004ko otsailaren 27a

Euskadiko Alderdi Sozialistak hasi du Moncloa-rako lasterketa. Elurrari eta hotzari aurre eginez, larrosak banatu dituzte goizean Arrasaten. Arrasateko zenbait zinegotzik eta kongresurako Gipuzkoako zerrenda buruak esku hartu dute larrosa banaketan. EAko hautagia Begoña Lasagabaster Garaia berrikuntza gunean eta MCCn izan da.

Elurpean ekin diote Euskadiko alderdi sozialistako kideek hauteskunde kanpainari. Ez dute gaurko eguna galdu nahi izan eta larrosak banatu dituzte Arrasateko kaleetan. Laubideko merkadilloan izan dira eta baita Abaroan ere.

Arrasateko zinegotziek eta Kongresurako Gipuzkoako zerrenda buru Manuel Huertas-ek esku hartu dute larrosa banaketan. Huertasek adierazi duenez, “aurrerakoiek eta ezkertiarrek Alderdi sozialistari eman behar diote botoa”.

Era beran, Alderdi Popularrak Euskal herrian egindako politika salatu du PSEko Gipuzkoako zerrenda buruak, eta itxaropentsu agertu da martxoaren 14ra begira.

Euskadiko alderdi sozialistak beste zenbait ekitaldi egingo ditu Debagoienean hauteskunde kanpainan. Nahiz eta oraindik zehaztu gabe dagoen, ostiralero larrosak banatuko dituzte Laubide azokan.

EAko Begoña Lasagabaster MCCn eta Garaian izan da

Eusko Alkartasuna ere abiarazi du hauteskunde kanpaina. Kongresurako eta senaturako hautagaiak Arrasaten izan dira goizean. Garaia berrikuntza gunea bisitatu dute eta MCCn ere izan dira.

Besteak beste, Iñaki Galdos senaturako hautagaia eta Begoña Lasagabaster Gipuzkoako kongresurako zerrenda burua izan dira gure ibarrean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak