Ointxekoak taldearen bolada onaren gainean eztabaidan

Xabier-Urzelai 2004ko ots. 26a, 11:42
Ointxe Arrasatek zazpigarren garaipena segidan lortu zuen joan den astean. Asko dira horrelako bolada ona gogoratzen ez dutenak, eta horren harira eztabaida polita izan dute oraingo astean.

Taldea bolada onean dabilela-eta denboran atzera egin dute Ointxeko taldekideek. Arrasateko taldeak igoera fasean jokatu dituen zazpi partiduak irabazi egin ditu, eta taldeak lehenago ere horrelako bolada onik izan ote duen zalantza zegoen. Berehala etorri da erantzuna, izan ere, orain dela urte batzuk Arrasateko saskibaloi taldean ibili ziren jokalarien esanetan oraingo bolada ona da, baina ez orain dela urte batzuk izan zutena baino hobea.

Zortzi urte atzera

Arrasateko jokalari ohiek ondo azaltzen dute, orain dela zortzi urte Arrasateko taldea Liga Nazionaleko bigarren mailako txapelduna izan zela. Orduan, Arrasateko taldeak lehenengo itzuliko norgehiagoka guztiak irabazi zituen, baita bigarren itzuliko lehenengo partiduak ere. Guztira 13 edo 14 garaipen izan ziren jarraian. Eta, jokalari beteranoek esaten dutenez, komeni da horrelakoak gogoratzea. Azken batean, ondo egindakoak berehala ahazten ditugulako, eta gaizki egindakoak urte askoan izaten ditugulako gogoan. Hori bai, oraingo taldea osatzen duten jokalariek erronka polita dute aurretik: orain dela zortzi urteko bolada on hura hobetzea, alegia.

Eztabaidak alde batera utzita, Ointxe Arrasatek Besaianen jokatuko du oraingo asteburuan. Norgehiagoka zapatu arratsaldean jokatuko dute, 18:30ean, Antzizarren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak