Barbadosen, Arrasateko kooperatibak eredu

Joxe Aranzabal 2004ko ots. 24a, 10:15
Joan den larunbatean Maxine McClean adituak proposatu zuen Barbadosko kreditu kooperatibek inbertsio enpresa bat sortzea, uhartean herritarren premiei hobeto erantzuteko. McClean-ek Arrasateko kooperatibak ipini zituen eredu gisa: “Begira haiek zer egin duten… hasieran egin zuten banku bat, baina haren harian sortu dute ekonomia oso bat”.

Maxine McClean-ek egin zituen adierazpen hauek James Tudor Ikasketa Politikoen Institutuak eratutako hitzaldi sorta baten barruan, non gai nagusia zen “Kreditu kooperatibak, herrigintzarako tresna”. Halaxe ekarri zuen igande honetan The Barbados Advocate egunkariak.

McClean-ek aitortu zuen kreditu kooperatibak gai izan direla Barbadosen baliabideak batzeko, “baina ez gara gauza izan baliabide horiek aldatzeko. Horregatik, proposatu nahi dizuet sortzea enpresa bat, inbertsioak egingo dituena”. McClean-ek uste du inbertsio enpresa batek lagundu egingo diola barbadostar batez bestekoari esku-hartze eraginkorragoa izaten herriaren finantzetan.

Kreditu kooperatibek animatu egingo lituzkete bere kideak enpresa horretan inbertitzera, eta hau has liteke etxegintzan eragiten, non sekulako premia baitago, adituaren iritziz.

Barbados Uhartea

Barbados uharte bat da, eta Antilla Txikietan dago, Atlantiko ozeanoan. Iaz 277.264 bizilagun zituen, horietatik %90 beltzak, %6 asiar jatorrikoak, eta %4 zuriak. Erlijioari dagokionez, berriz, protestanteak dira nagusi, %67.

Espainiarrak 1519an iritsi ziren uharte horretara. 1627an, ostera, kolonia britainiar bihurtu zen, harik eta 1966an burujabetasuna irabazi zuen arte, Commonwealth erakundearen barruan. Bridgetown da hango hiriburua, eta ingelesa dute hizkuntza ofizial.

Turismoari, abeltzaintzari eta arrantzari esker, Barbadosek Antilla Txikietako bizi maila gorena omen du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak