Gaur, eguaztena, 09:30ean, elkarrizketa egingo diogu Arrasate Irratian Iñaki Berezibarri, "Juventudes Viatorianas" izeneko liburua idatzi duen arrasatearrari. Liburuan Arrasateko viatoristekin jasotako hezkuntza eredua gogor kritikatzen du Berezibarrek.
Elkarrizketa 14:30ean errepikatuko dugu, eta baita zapatu eta domekan ere.
Liburua martxoan aurkeztuko da Arrasaten, baina polemika piztu du dagoeneko. Duela bi aste Goienkarian Josemari Velez de Mendizabal idazleak artikulua idatzi zuen, liburuan Clemente Lopez Cano irakaslearen inguruan esaten direnak gezurtatuz.
Joan den astean, berriz, idazleak berak idatzitakoak berretsi zituen. "Arrasaten 60ko hamarkadan antolatu zuten hezkuntza-sistema omentzea, hezkuntza matxista, atzerakoia, klasista, iluna, elitista, anti-euskalduna, faxista... omentzea litzateke" zioen artikuluan, besteak beste.