Arrasateko 9 etxebizitza eman dira errentan Eusko Jaurlaritzaren Bizigune programaren bitartez

Nerea Zubiete 2004ko otsailaren 13a

Arrasateko 9 etxebizitza eman dira errentan dagoeneko, Eusko Jaurlaritzako Bizigune programaren bitartez. Programa horretan sartzen diren jabeek, Eusko Jaurlaritzaren esku uzten dituzte etxebizitzak, gero prezio sozialean errentan emateko. Jabeak, baina, prezio osoa kobratzen du, Eusko Jaurlaritzak jarrita diferentzia. Eta Arrasate, 9 etxebizitzarekin, Autonomia Erkidegoko lehen 15 herriren artean dago.

Arrasaten hutsik zeuden 9 etxebizitza, eman dira errentan dagoeneko, Eusko Jaurlaritzako Bizigune programaren bitartez.

Bizigune programan hutsik dauden etxebizitzak sartzen dira, gero errentan jartzeko. Baina maizterrak ordainduko duen alokairua ez da izango merkatuak markatzen duenaren araberakoa. Bataz beste, maizterrak 240 euro ordainduko ditu hilero, bost urterako kontratua sinatuta. Bitartean, jabeek bataz beste 520 euro kobratuko dute. Bien artean dagoen aldea Eusko Jaurlaritzak ordainduko du.

Kopuru garrantzitsua Arrasaten

Arrasaten dagoeneko 9 etxebizitza eman dira errentan sistema horren bitartez. Eta Eusko Jaurlaritzako Bizigune programako arduradunek Arrasate Irratiari esan diotenez, oso kopuru garrantzitsua da Arrasatek duena. Autonomia Erkidegoan, Biziguneren bitartez etxebizitza gehien errentan eman dituzten lehen 15 herriren artean dago Arrasate.

Bederatzi dira, esan bezala, jadanik alokatuta dauden etxebizitzak. Hala ere, datu zehatzik eman ez badigute ere, Eusko Jaurlaritzatik esan digute dagoeneko Arrasateko etxebizitza gehiago dagoela sartuta Bizigune programan. Baina oraindik aztertu barik dago errentan emateko prest dauden ala egokitzeko obrak egiten dabiltzan.

Egokitzeko lanak egin behar direnean, VISESA, Eusko Jaurlaritzak parte duen Elkartea arduratzen da etxebizitzen egokitzapenetaz. Gero, gastatutakoa errentaren ordainketetatik kentzen zaio jabeari, interesik gabe.

Bizigune programan sartzen diren etxebizitza gehienetan egin beharreko egokitzapenak sukaldeetan eta komunetan egin behar izaten dira. Debagoienean Arrasaten eta Oñatin eman dituzte errentan etxebizitzak Bizigune programaren barruan. Oñatin etxebizitza bat eman dute errentan.

Euskal Autonomia Erkidegoan dagoeneko 592 kontratu sinatu dituzte Biziguneren bitartez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak