Udala eta MU, birziklapena bultzatzeko lankidetzan

Julen Iriondo 2004ko ots. 3a, 16:53
Mondragon Unibertsitateak eta Arrasateko Udalak hitzarmena sinatu dute. Udalaren enkarguz, sukaldean erabilitako olioa gordetzeko ontzi baten proiektua egingo dute unibertsitatean. Ontzi honekin birziklapena bultzatu nahi du Arrasateko Udalak.

Birziklapena bultzatu nahian, kasu honetan sukaldean erabilitako olioarena, Mondragon Unibertsitatera jo du Arrasateko Udalak, lankidetza bila. Goizean sinatu dute akordioa, eskola politeknikoan.

Helburua da bi urte barru etxe eta elkarteetan ohikoa izatea olioa biltzeko ontzia. Arrasateko Udalak ondorengo baldintzak baino ez ditu jarri: erabiltzeko erraza izatea, birziklatu daitezkeen materialekin egina egotea eta merkatura ateratzeko unean salneurri handiegia ez edukitzea.

Orain unibertsitateko Industriarako Diseinu sailari dagokio ontziaren proiektua egitea: irakasleek eta ikasle batek hartuko dute parte, eta urtebete izango dute proiektua gauzatzeko. Egitasmoak hainbat atal izango ditu, hasi merkatu azterketa batetik eta kostuen zehaztapenera arte. 8.000 euro inguruko aurrekontua izango du proiektuak.

Birziklapena bultzatu nahian

Mondragon Unibertsitatearekin gaur sinatutako akordioa arrasateko udala birziklapena bultzatu nahian egiten ari den ahaleginean kokatu behar da, Iñazio Lakunza alkatearen arabera.

Egitasmo honek unibertsitatearen eta udalaren arteko harremana sendotzen lagunduko duela ere esan du alkateak, eta bi aldeak prest azaldu dira aurrerantzean ere lankidetza akordio gehiago egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak