AGRk martxoan hasiko du Euskadiko Txapelketarako igoera fasea

Xabier-Urzelai 2004ko ots. 2a, 18:53

AGR Arrasatek hamar goleko aldearekin irabazi zion domekan Leizarani (31-21). Kontrario makala izan zuten Pitxi Herreroren mutilek, sailkapenean azken postuan dagoen taldea, hain zuzen; eta, berehala igarri zen hori.

Joan den astean Urolaren kontra galdu izana lehenbailehen ahaztu gura izan dute AGRko mutilek, eta hori ahazteko ez dago erraz irabaztea modukorik. Oraingoan Leizarani tokatu zaio Arrasatekoen haserrea baretzea, eta bisitariek aukera gutxi izan zuten domekan Iturripen, bat bera ere ez esatearren.

Saltsa gutxiko partidua

Domekako norgehiagokan, Leizaran ez zen kontrario izan. Hori dela-eta saltsa gutxiko norgehiagoka izan zen. Andoaingo taldeak ordurako maila galduta zeukan, eta zazpi jokalari baino ez ziren Arrasatera etorri. Jokalari askorekin etorrita ere talde makala bada, atera kontuak zazpi jokalarirekin zer egiteko gai izan ziren.

Norgehiagoka irabazteko Arrasatek nahikoa izan zuen azkar jokatzearekin. Jokoari abiadura emanda kontrarioa aurre egin ezinda ibili zen. Horrela jokatzeagatik, baina, Arrasateko taldeak baloi asko galdu zituen erasoan, eta defentsa lanetan aurrekoetan baino hobeto ibili baziren ere, oraindik badute zer hobetu.

Arrasateko taldeak hilabete izango du entrenatu eta jokoa hobetzeko, igoera fasea martxoan hasiko dute-eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak