Uribesalgoren itxiera salatu du Enpresa Batzordeak

Julen Iriondo 2004ko urt. 29a, 19:46
Arrasateko Utillajes Uribesalgo lantegia itxi egin nahi dutela; horixe salatu du bertako enpresa batzordeak. Hedabideei igorritako prentsa oharrak dio arduradunek, poltsikoak bete eta gero, 2006rako itxi egin nahi dutela enpresa.

LAB sindikatuak eman du, prentsa ohar baten bitartez, Arrasateko Utillajes Uribesalgo enpresako langileek bizi duten egoeraren berri. Uribesalgoko Enpresa Batzordeak salatzen du arduradunek itxi egin nahi dutela lantegia.

Arrasateko enpresan azken hilabeteetan izan diren gorabeherak azaltzen ditu prentsa oharrak: "urrira arte, zuzendaritzak zioen 23 langile soberan zeudela, horiek lantegitik atera ezean ezin zela enpresaren bideragarritasun plana bete, eta ezin zitekeela enpresaren etorkizuna Arrasaten ziurtatu".

Enpresa batzordeak dio, ordutik hiru hilabete egin dituztela eztabaidan. Helburua, enpresaren etorkizuna ziurtatzea eta langileen irteera traumatikoa saihestea. Zentzu honetan 14 behargini behar baino lehenago erretiroa eman dietela azaldu digute LAB sindikatutik: “eta orain, langileak ateratzen hasi direnean, enpresaren benetako helburua zein den ikusi dugu; Arrasateko lantegia 2006 urterako ixtea”, dio enpresa batzordeak igorritako oharrak.

Etekin ekonomiko handiak

Enpresa batzordeak bidalitako oharrak dio Uribesalgoko arduradunek 6 milioi euro baino gehiagoko etekinak lortu dituztela, eta ondoren enpresa ugari sortu, hauetako batzuk fantasmak eta beste batzuk uribesalgo berari konpetentzia egiteko asmoarekin. Honela, lana beste toki batzuetara bideratu nahi zutela diote langileen ordezkariek, Arrasateko lantegiak errentagarritasunik ez duela argudiatzeko.

Utillajes Uribesalgo enpresak 70 langile ditu; fundiziorako tresneria diseinatu eta egiten dute bertan. Enpresa Batzordeak iragarri du arrasateko lantegiaren itxiera salatzeko zenbait ekintza egingo dituztela datozen egunetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak