Isa Casado mendizeharko eskiko Euskadiko Kopan

Xabier-Urzelai 2004ko urt. 29a, 17:46
Isa Casado mendi maratoietan egin dituen emaitzengatik izan da orain arte albiste. Neguan, baina, mendiko botak alde batera utzi, eta eskiak hartu ditu. Mendizeharko eskia egiten dabil buru-belarri, eta Euskadiko Kopan hartuko du esku. Cautereten hirugarren postuan helmugaratu zen, eta Candanchuko gaueko proban ere hirugarrena izan zen.

Isa Casadok oraingo asteburuan hasiko du Euskadiko Kopa, Gavarnien, Frantzian. Euskadiko Kopa lau probak osatzen dute: oraingo asteburukoa izango da lehena, bigarren proba Formigalen jokatuko dute, hirugarrena Luz Ardidenen eta laugarrena Andres Regil Kopa izango da. Orain arte esku hartu duen probetan maila polita erakutsiko du, baina entrenamenduak baino ez dira izan: "Euskadiko Kopan podiumean egotea zaila izango da, Euskal Herrikoez gain, kanpoko jende asko etorriko da-eta".

Oraingo asteburuko proba da, Isaren ustez, Kopako gogorrena: "Bi eguneko proba da, erlojupean egin beharrekoa. Lehenengo eguneko ibilbideak ia 2.000 metroko desnibela dauka. Bigarren egunekoa ere erlojupeko proba da, eta bi egunetan azkarrena denak irabaziko du. Ikusi egin beharko da ze eguraldi egingo duen. Azken baten, Tallon mendira igo behar dugu, 3.000 metrora dagoena, eta eguraldi txarrarekin ezingo dugu hori egin".

Datorren urterako erabakigarria

Euskadiko Kopan 30 lagunek hartuko dute parte, eta maila onena erakusten dutenek osatuko dute datorren urtean Euskal Selekzioa. Helburu hori lortzeko gogor egingo du lan atleta arrasatearrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak