Jarduna etetea erabaki du Enrike Letona arrasatearraren askatasuna eskatzeko sorturiko Bilguneak. Enrikeren askatasuna aldarrikatzeko sortu zuten herriko hainbat gizarte eragilek, alderdi politikok eta Enrikeren senide eta lagunek, eta abenduan askatu zuten Letona.
Askotariko lagunak Bilgunean
EAJko, EAko, Aralar-eko eta Batasunako zinegotziak, sindikatuak, herriko kultura elkarteak eta beste zenbait lagunek esku hartu dute azaroaz geroztik Bilgunean. Iñaki Mendiguren itzultzailearen esanetan, Euskal Herriko beste hainbat tokira eramateko moduko egitasmoa da Bilgunea.
Enrikerena adibide bat besterik ez dela esan dute behin eta berriro Bilguneko kideak. Enrikeri eginiko injustizia salatu dute sortu zirenetik, baina oraindik kartzela zigorraren hiru laurdenak beteta dauden arrasatearrak badaude. Enrike Letona hiru urteren buruan epaituko dute, eta epaiketaren zain geratuko dira Bilguneko kideak. Hain zuzen ere, horrexegatik erabaki dute taldea ez desegitea.
Kartzela zigorra oso osorik beteta
Enrikek betea du 30 urteko kartzela zigorra, eta litekeena da epaiketa horretan epailearen zigorra jasotzea, baina zigor hori aldez aurretik beteta du preso ohi arrasatearrak.