Arrasateko Udalean uste zuten jadanik Zerrajerako lurretako biltegi guztiak bertatik kenduta zeudela. Hori horrela, lurrak eraman zituzten laborategira, kutsadura maila norainokoa den jakiteko eta, ondoren, Zerrajera eremua garbitzeko.
Lehen biltegia 2002ko azaroan azaldu zen Zerrajera eremuan, erlojua duen eraikinaren inguruan. Orduan 60.000 litro olio inguru atera zituzten bertatik. Urtebete beranduago, handik metro gutxira biltegi berriak ateratzen hasi ziren eta aste honetan bosgarrena azaldu da. Bigarren aldi horretan 51.000 litro olio atera dituzte.
Udalarentzat dirutza
Zerrajerako eremua kutsadurarik gabe uzteko lanak Eusko Jaurlaritzari atxikituta dagoen IHOBE elkarte publikoak zuzentzen ditu. Eta horiek lanak egiteko, 130.000 euro beharko dituztela aurreikusi dute. Diru horren erdia Arrasateko Udalak ordaindu beharko du. Orain, bosgarren biltegia azaldu ondoren ikusi egin beharko da ea diru kopuru hori handitzen ote den.