Mondrak Hernaniren bisita izango du zapatuan

Xabier-Urzelai 2004ko urt. 15a, 11:25
Joan den astean Zarautzen kontra berdindu eta gero (1-1) Mondrak zapatu arratsaldean (16:00, Atxabalpen) hasiko du Ligako bigarren itzulia. Laugarren postuan dago Mondra, eta liderra lau puntura dauka.

Joan den zapatuan Atxabalpera hurbildu ziren zaleek zapore gazi-gozoa eraman zuten etxera. Norgehiagoka ikusgarria jokatu zuten Mondrak eta Zarautzek; goiko postuetan egotearen arrazoia argi erakutsiz. Bi taldeak ondo jokatzen ahalegindu ziren, eta jokaldi politak izan ziren ikusgai; lehenengo zatian batez ere. Bi taldeak ondo kokatuta, baloiaren jabetza zeukatenean biak hala biak ondo jokatzen ahalegindu ziren, eta hori eskertzekoa izan zen.

Mondrak lehenengo zatian egin zuen gola. Zarautzek, berriz, bigarren zatian egin zuen banakoa. Emaitza justua izan zen, biek hala biek egin zuten-eta partidua irabazteko meritua.

Oraingo asteburuan ere etxean

Oraingo asteburuan ere Mondrak etxean jokatuko du, Hernaniren kontra. Arrasateko taldeak Hernanin hasi zuen denboraldia, eta erregional mailatik igo berri zen taldeak lehenengo ezustea eman zuen. Ordutik hona lau hilabete pasa dira. Tarte horretan, bederatzi partidu irabazi, bost partidu berdindu eta bost partidu galdu ditu Mondrak. Lehenengo itzulirako ez dira emaitza kaskarrak.

Ondo legoke bigarren itzulian ere gauzak berdin edo hobeto egitea: Horretarako, orain dela lau hilabete moduan, Hernaniri irabazi egin beharko diote.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak