Ezker Batuak oposizioak aurrekontuen aurrean izandako jarrera kritikatu du

Arrasateko Ezker Batua alderdiak oposizioko alderdiak kritikatu ditu, aurtengo udal aurrekontuak onartzeko prozeduran izan zuten jarreragatik. Ezker Batuaren esanetan, oposizioak ezin ditu justifikatu aurrekontuen aurrean egin dituen kritikak.

Aurtengo udal aurrekontuak aurrera ateratzeko prozesuan emendakin ugari aurkeztu zituzten Arrasateko oposizioko alderdiek. Alderdi Popularrak, esate baterako, partida batzuk aldatu nahi zituen, beste batzuk kendu eta berriak ere gehitu nahi zituen. Ezker Batua alderdiaren esanetan, baina, alderdi horrek ez zuen ganorazko arrazoirik ematen horiek aldaketak egiteko, eta batzuetan ezelako arrazoirik ez zuen ematen. Baina Alderdi Popularraren jarrera ez badu ondo ikusi Ezker Batuak, are serioagoa iruditzen zaio alderdi sozialistak izan duen jarrera. Sozialistek aurrekontuen osotasunari aurkeztu zioten emendakin bat eta horrek, diote Ezker Batuko zinegotziek, erakusten du ez dutela eztabaidarako asmorik eta ideia falta nabaria dutela.

Eztabaidarako aukera

Aurrekontuak onartzeko orduan, oposizioko alderdiek eruen kritika egin zuten, esanez aurrekontuak lantzeko orduan oposizioko taldeentzat ez zela eztabaidarako aukerarik izan. Ander Rodriguez, Ezker Batua alderdiko zinegotziak, berriz, uste du prozesua azkarra izan dela, baina bi aste izan direla proposamenak aztertzeko. Horretarako, dio, Batzorde informatzaileak daude eta hori zen eztabaidarako eta proposamenak aurkezteko tokia. Hala ere, gaineratu du, ez da horrelakorik gertatu. Horren ordez, Ezker Batuak uste du oposizioak argazkia atera nahi izan duela gizartearen aurrean, udaletxean dituen karguak eta liberazioak justifikatzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.