Ointxek zapatuan hasiko du fase erabakigarria

Xabier-Urzelai 2004ko urtarrilaren 9a

Ointxe Arrasate Saskibaloi Taldeak zapatuan, hilak 10, jokatuko du jaitsiera faseko lehenengo jardunaldia. Ibarreko jokalariz osatutako taldeak Iruñeko Viajes Marfil taldearen kontra jokatuko du. Nafarrak ezagunak dira, bi talde horiek joan den denboraldian elkarren kontra jokatu zuten-eta.

Gorka Zurutuzaren mutilek fase berria hasiko dute zapatu arratsaldean Iturripen (18:00). Mondragoeko taldeak ez du lasaitzeko astirik izango, maila ez galtzeko egin beharko dute-eta lan. Zapatuko partiduko kontrarioa ezaguna da. Joan den urtean, Arrasateko taldearekin batera, Viajes Marfil ere igoera fasea jokatzeko sailkatu zen. Aurten, berriz, bi taldeak joan den urtean baino makalago ibili dira, eta biek ere beste helburu bat dute.

Lehenengo bi partiduak, zailenak

Jaitsiera faseko lehenengo bi kontrarioak, Viajes Marfil eta Getxo, izango dira ligaxkako gogorrenak, eta norgehiagoka horietan aldeko emaitza lortzea erabakigarria izango da. Horregatik, bihar Iturripen jokatuko duten norgehiagoka garrantzitsua da, lehenengo norgehiagoka izateaz gain, kontrario gogorra izango dute-eta aurrean.

Jaitsiera fasean kontutan hartzen dira lehenengo fasean jokatutako partiduak. Hala, Ointxek sailkapenaren erdialdean hasiko du jaitsiera fasea; hiru partidu irabazita, eta hiru galduta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak