Ignazio Lakuntza: "Datorren urtean Santamasak guztion artean antolatzea gura nuke"

Usoa Agirre 2003ko abe. 23a, 16:12
Santamasen biharamunean, atzoko egunaren balorazioa egin du Ignazio Lakuntza alkateak Arrasate Irratian. Eguraldia hotza izan arren, giroa ona izan zela azpimarratu du Lakuntzak. Ostiralean datorren urteko aurrekontuak onartzeko egingo duten bilkuraren gainean ere hitz egin du.

Eguraldi busti eta hotza izan zen atzokoa.

Kalean hotz egiten zuen, baina gu udaletxean aritu ginen lan batzuk egiten eta han barruan giro epela izan genuen.

Zer balorazio egiten duzu aurtengo Santamasen inguruan?

Santamasak nahiko positiboak izan ziren. Giroari dagokionez, denetik izan zen, eguraldia bezala. Erakusketa politak egon ziren, dantzaldia ere bai. Aldarrikapena ere egon zen, eta, beraz, denetik egon zen. Guztia giro onean joan zen eta oso positiboa da hori.

Jendetza etorri zen Arrasatera.

Egia esan, bai. Goizeko 10etan bazirudien ez zela jende asko etorriko, baina gero segituan bete ziren kaleak.

Bereziki txistorra saltzen zuten postuak bete ziren. Alkateak jateko aukerarik izan zuen?

Pixka bat probatu nuen, baina ez nuen aukera handirik izan asko jateko, alde batetik bestera ibili behar izan nuen-eta. Azoka polita izan zen, benetan.

Arratsaldea ere okupatuta eduki zenuen?

Arratsaldean pilota partiduak ikustera joan nintzen Uarkape pilotalekura. Partidu politak ikusteko aukera izan genuen. Iaz baino jende gehiago egon zen pilotalekuan, 300 bat pertsona. Arrasatearrok ez dugu pilotalekura joateko ohitura handirik eta hori bultzatu beharra daukagu.

Aurten tirabira sortu da Santamasen inguruan Komisiñuen eta Udalaren artean. Datorren urteari begira zer nahiko luke Arrasateko alkateak?

Ea adostasuna lortzen dugun datorren urterako. Datorren urtean festa herrikoi hau guztion artean antolatzea nahiko nuke.

Udaletxeko langileek jai dute, baina ostiralen aurrekontuak onartzeko bilkura izango da.

Datorren ostiralean, abenduaren 26an, aurrekontuak onartuko ditugu. Azkeneko momentuan presaka ibili gara eta urte berria aurrekontu berriekin hastea nahi genuen. Hasieran zalantza eduki genuen 29an edo 26an egin bilkura, baina batzuek kanpora joateko asmoa dutenez, azkenean 26an egingo dugu bilkura.

Onartu egingo al dira aurrekontuak?

Bai, seguruenez bai. Gobernu Batzordeetan onartu ziren eta ogasun batzordean ere bai. Alderdi Sozialistak zuzenketak aurkeztu zituen. Alderdi Popularrak ere aurkeztuko ditu. Hala ere, aurrekontuak onartuko direla uste dugu EAJ, EA, Aralar eta Ezker Batuaren aldeko botoei esker.

Aldaketa handia ekarri du zuretzat 2003ak?

Bai, egia esan niretzako aldaketa sakona ekarri du amaitzera doan urte honek. Ofizio berria izan dut urte honetan eta pixkanaka banoa ikasten. Ez nago damututa alkate izateko hartu nuen erabakiarekin, oso gustura nago. Momentu honetan ditugun proiektuak asko dira eta ea guztiak egitea lortzen dugun. Lehengo egunean diputazioan aurrekontuak onartu ziren. Hor onartu zen Olandixoko tunela egitea. Proiektua 2004an egingo dute eta urtebete iraungo du horrek, 2005eko bigarren seihilekoan hasiko dira tunela egiten. Diputazioak egingo du tunela.

2004ari zer eskatzen dio Lakuntza alkateak?

Ea giro lasaia lortzen dugun eta giro lasai horretan hasten garen gauza guztiak mahai gainean jartzen eta herria hobetzen. Momentu honetan herri honi gauza asko falta zaizkio, batez ere zerbitzuetan eta kulturan ditu hutsuneak. Denon artean hutsune horiek bete behar ditugu.

Elkarbizitzan ere hobetu beharra dago Arrasaten?

Gehienetan, komunikabideetan kalean baino tirabira gehiago agertzen dira. Batzutan morbo pixka bat bilatzen da, titularretan bereziki.

Gabon egun hauetan, arrasatearrentzat mezurik baduzu?

Arrasatear guztiei opa diet ondo amai dezatela urtea eta hobeto has dezatela urte berria. Urte berri on, guztioi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak