Cesar Perez izan zen Koadrila Arteko Santamas Krosean azkarrena

Xabier-Urzelai 2003ko abe. 15a, 17:18
Domekan eguraldiak lagundu ez bazuen ere, korrikalari askok hartu zuten esku Koadrila Arteko Santamas Krosean. Mondragoetar asko izan ziren partehartzaileei animatzen, eta lasterkariek asko eskertu zuten hori. Cesar Perezek sekulako sasoian dagoela erakutsita irabazi zuen.

Lasterketa azkarra izan zen. Lehenengo postuan helmugaratu zen Cesar Perezek hogei minutu baino gutxiago behar izan zituen ibilbideko sei kilometroak egiteko: 19 minutu eta 37 segundo, hain zuzen. Zuhaitz Ezpeleta helmugaratu zen bigarrena; lehena baino 16 segundo geroago. Ez zen gustura geratu Bedoñako lasterkaria. Hirugarrena beste atleta ezagun bat: Jon Aperribai, eta laugarren postuan etorkizunean askotan entzungo dugun izen bat: Markel Blanco. Hamalau urteko lasterkari gaztea joan den urtean ere laugarrena izan zen. Aurten ondo baino hobeto dabil, eta bide onetik jarraitzen badu Arrasatek etorkizunean punta-puntako lasterkaria izango du. Emakumeek ere maila polita erakutsi zuten: Mari Fran Alonso izan zen azkarrena, Marije Velasco bigarrena eta Mari Carmen Garcia hirugarrena. Koadrila azkarrenarendako saria, berriz, Los Caracoles taldearendako izan zen.

gaztetxoen lasterketak

Nagusien krosa jokatu aurretik gaztetxoen lasterketak izan ziren. 13-14 urte bitartekoen lasterketan Iñigo Alzola izan zen azkarrena. 11-12 urte bitartekoen lasterketan Mikel Alberdi eta Oihane Urzelai izan ziren onenak. 10 urteko lasterkarien artean, Iñigo Uribarren eta Maialen Axpe helmugaratu ziren lehen. 9 urtekoen artean, Ander Garai eta Eider Ros; 8 urtekoen artean, Mikel Ugarte eta Malen Ruiz de Azua; eta, azkenik, 7 urtekoen artean, Jon Aranburu eta Uxue Okina izan ziren azkarrenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak