"Santamasetako agurra idatzi eta sinatu nahi dugu", esan du Komisiñoak ilunpetan

Maria Agirre 2003ko abe. 10a, 11:17
Santamasetako egitarauan izaten den agurra Komisiñoak idatzi eta sinatu nahi du. Alkateak, Iñaxio Lakuntzak, berriz, berak idatzi eta sinatuko duela esan die. Desadostasun horiek direla eta, Komisiñoak erabaki du aurtengo Santamas jaien antolaketan ez esku hartzea.

Haserre hitz egin dute Komisiñoko kideek Udalaren jarrera dela eta. Seriotasun falta egotzi diote Udalari, eta minduta daudela adierazi dute.

Aurten ere, Santamasetako programa egin eta aurkeztu ondoren, gertu ei zuten egitarauko agurra ere, baina Udalak azken orduan esan omen die Lakuntza alkateak izango duela agurra egiteko ardura, baita hori sinatzekoa ere.

Santamasen antolaketan ez dutela parte hartuko esan zuten atzo Komisiñoko kideek, herriko plazan egindako prentsaurrekoan. Udaletxeko osoko bilkura aretoa eskatua zuten prentsaurrea emateko, baina azken orduan Udaletik jakinarazi zieten ezingo zutela bilkura aretoa erabili.

Iluntzea zenez, erdi ilunpetan eman zuten prentsaurrekoa, Olariagak aurtengo Santamasetarako prestatutako horma irudia lagun zutela. "Kartela ez diogu Udalari utziko"-esan zuten Komisiñoko kideek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak