Autonomia Erkidegoan 335 etorkin ibili ziren euskara ikasten aurreko ikasturtean, horietatik erdia Hegoamerikatik etorritakoak. 137 lagun Europatik etorritakoak izan ziren. Asiatik eta Afrikatik gutxiago hurbildu ziren, 29 lagun.
Arrasaten bakarra da europarra, Errumaniakoa hain zuzen. Gainontzeko guztiak hegoamerikarrak dira, gehienak Ekuadorretik eta Kolonbiatik etorritakoak.
Zerbait ulertu
Gizonak eta emakumeak berdin hurbiltzen dira euskaltegira Arrasaten. Adinari dagokionez, gazteenak 16 urte ditu eta nagusienak 46. Eta gehienak, beharrak hala aginduta, beharbada, euskaltegira hurbildu direnerako euskaraz hainbat gauza ulertzeko gai ziren.
Etorkin batzuk euren kabuz ematen dute izena euskaltegian. Beste batzuk Arrasateko Udalak bideratuta iristen dira, integrazio programaren bitartez.
Hasiera batean, sarrera gisa, material berezia erabiltzen dute euskaltegietan etorkinekin, gehien bat bertako ohiturak eta kultura ezagutarazteko. Orain, euskaltegiek material berria dute eskura, Eusko Jaurlaritzak kaleratu duena, AISA izeneko materiala, zazpi hizkuntzatan idatzita dagoena.