Punta-puntako pilota partidua ikustea gura duenak zapatuan izango du horretarako aukera paregabea. Urrun joan barik, Uarkapen, Lau terdiko Txapelketa barruan, Titinek eta Asier Olaizolak indarrak neurtuko dituzte. Baliteke errioxarra izatea faboritoa, baina nafarra sasoian dagoenean ez da kontrario makala.
Hiru partidu guztira
Biharko pilota jaialdian hiru partidu egongo dira ikusgai. Lehenengo partidua da erakargarriena; lau terdiaren barruan jokatuko dutena, alegia. Ondoren, binakako bi partidu izango dira ikusgai: Arbizuk eta Armendarizek Saralegiren eta Pascualen kontra jokatu beharko dute. Arratsaldeko hirugarren partiduan, berriz, Azpiroz eta Pinedo bikoteak Leiza eta Begino izango dituzte aurrez aurre.
Sarrerak 22 euro
Pilota jaialdia bertatik bertara ikusi gura duenak 22 euro ordaindu beharko ditu. Sarrerak erosteko leihatilak partidua baino ordu eta erdi lehenago irekiko dituzte, 15:30ean gutxi gorabehera. Hori bai, eskaera handia bada, posible da goizean ere sarrerak erosteko aukera izatea.