Ziurrenik, datorren urtean Amaia Udal Antzokian film komertzialak emango dituzte

Ekainean Alai zinema aretoa itxi zutenetik, Arrasaten ez dago filmak ikusteko aukerarik –eguenetako zineklubaren salbuespena, ezik–. Udaleko Kultura Saila arazo horri konponbidea eman guran dabil, eta ziurrenik datorren urtean Amaia Udal Antzokian film komertzialak emango dituzte. contributors:

Ines Aldai Udaleko Kultura Saileko arduradunaren esanetan, Udalak Arrasaten zinema areto bat bermatzea gura du. Horretarako, Alai zinema aretoaren –itxi zutena– jabearekin harremanak izan dituzte, baina jabeak ez du zinema berriro zabaltzeko inolako asmorik.

Kultura Saileko arduradunek ez dute baztertu Alai zinema berriro zabaltzea. Hala ere, Udalak ez du horren kudeaketaren ardura hartu gura. Horren ordez, Udalak Alai zinemari laguntza eta babesa eskainiko lioke.

Eragozpen horien aurrean, Udala beste konponbide bat aztertzen dabil: Amaia Udal Antzokian film komertzialak eskaintzea, hain zuzen ere. Gaur egun, Udalak kultura programazioa antzokian bertan egiten du, eta zinema emango balute, ekitaldiak gehitu egingo lirateke.

Udala zinema enpresa batzuekin harremanetan jarri da, Amaia Udal Antzokia film komertzialak emateko erabil dezaten. Oraindik ezer finkorik adostu ez duten arren, Kultura Saileko arduradunak uste du datorren urtean, antzokian filmak emango dituztela.

Hala ere, Ines Aldaik azpimarratu du aipatutako zinema zerbitzuak ez duela Udaleko kultura programazioa baldintzatuko. Horren aurkakoa gertatutako da, eta ekintzak ugalduko dira. Horrek badu beste alde bat: hain zuzen ere, baldintza horrek zailtasun batzuk sortuko ditu enpresa horiekin kontratua egiterakoan. Hori jakin arren, Udaleko ordezkariak baikorrak dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.