100 lagun baino gehiago Uarkapeko oholtza gainean, Txikitxu-Arrostaitzen jaialdian, zapatuan

Ubane Madera 2010ko urr. 21a, 10:55
Jaialdi erraldoia prestatu dute zapaturako Txikitxu-Arrostaitz dantza-taldeen urteurren ospakizunerako. Zifrak begiratzea besterik ez dago: 100 lagun baino gehiago oholtza gainean; 15 dantza inguru (dantza bereziak tarteko); txistulariak, erraldoiak, gaiteroak, fanfarrea eta 300 lagun afari-herrikoian. Bi orduko dantza eta musika saioa da Uarkapen taularatuko dutena zapatuan, 18:00etan hasi eta 20:00ak bitartean.

Txiki geratu behar da Uarkape pilotalekua oraingo zapatuko jaialdirako. Txikitxu dantza-taldeak 40 urte eta Arrostaitz taldeak 20 urte bete dituztela-eta, uda aurretik dihardute 100 lagun baino gehiago entseguak egin eta egin, ospakizun ekitaldi ikusgarria prestatzen.

5-6 urteko neska-mutikoetatik hasi eta 40tik pasako beteranoetarainokoek dantza egingo dute. 15 bat dantza taularatuko dituzte, dantza bakoitzean adin-tarteak nahastuta, gainera: "Gogotsuenak beteranoak dira, aspaldi dantza egin gabe, urduri… oso animatuta daude", adierazi du Garazi Mendizabalek, Txikitxu-Arrostaitz taldeko kideak.

Dantza bereziak opari

Hark kontatu du taularatuko dituzten dantzen artean, tarte bereziak egingo dituztela: "Opari moduan Luzaideko dantza batzuk ikasi ditugu Muxiko eta Polka estiloan. Bide batez, eskerrak eman gura diet Oñatiko dantza taldeari dantzak erakutsi eta jantziak uztearren".

Erraldoi eta gaiteroak ere bai

Eta beste dantza berezi bat ere egingo dute: Tuterako jota bat. Berezia eta ikusgarria izango da, izan ere, gaiteroek ipiniko dute musika eta dantzariekin batera Arrasateko erraldoiek ere parte hartuko dute.

Txistuak, bibolinak, akordeoiak…

Jakina, dantza saioa izanik, musikariek ere tarte berezia izango dute, txistulariek, bereziki. Baina esandako moduan, gaiteroen musika ere izango da eta Luzaideko dantzetarako fanfarreak jardungo du: "Arrasate Musikaleko lagun batzuk batu eta eurek joko dute akordeoia, bibolina… fanfarrea, azken batean".

22:00etan, afari herrikoia

Bi ordu iraungo du horrek guztiak, 18:00etatik 20:00etara. Eta horren ostean, Uarkapeko oholtza desmuntatu eta guztia gertu utziko dute 22:00etan hasiko den afari-herrikoirako. 300 txartel saldu dituzte.

Ekitaldiaren gaineko xehetasun gehiago gaur, eguena, landuko dituzte Arrasate Irratian, 10:00etatik 11:00ak bitartean.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak