'100 egunen balorazioa' egin dute alderdiek

Jon Berezibar 2007ko aza. 13a, 17:11
Legealdi berri bat hasten denean, 100 egun eman ohi zaizkio agintea hartu duen udal gobernuari ezelako balorazio edo kritikarik egiten hasi baino lehen. Muga hori gaindituta, orain arteko jarduna baloratu dute udal alderdi politikoek. Balorazio positiboa egin dute gobernuan daudenek; ez horren positiboa oposizioan daudenek.

Gobernuko alderdiak


Galparsoro: "Aurreko legealditik herentzia gordina jaso dugu"



anv1-inogalparsoro.jpg
Ino Galparsoro
alkateak (EAE) dio "nekeza" izan dela legealdiaren hasiera, "urteotan Udalean ez egoteak bidea zaildu duelako erabat (informazio eskasia, partaidetza eza, ezkutuan bideratutako proiektuak…)". Gaineratu du aurreko legealditik 'herentzia gordina jaso' dutela, "alderdi eta zinegotzien arteko enfrentamendu egoera hobetu beharra, herriko taldeekin harreman txarrak, hainbat proiekturen egoera (Mojategi inauguratuta baina bukatzeke, herriko mugikortasunaren egoera eskasa, "musika etxe" proiektua, AHTren inguruan azterketa eza…). Bide hori lantzen hasita daudela esan du alkateak: "Arlo bakoitzari behar besteko garrantzia emanez gaiak eztabaidatuak izan daitezen; lau urterako plangintza berria egiten ari gara, 2008rako aurrekontua lantzen ari gara eta urte bukaera aurretik onartzea espero dugu; herritarrekin harremanak berreskuratzen ari gara; hainbat behar sozialei erantzun egokia eman diogu (etxez etxeko laguntzarako itxaron zerrenda kendu…). Udal gardena nahi dugu eta horregatik gardentasun osoz azaltzen saiatu gara 100 egunok".


Rodriguez: "Gobernu garden eta informatzailea izatera pasatu gara"

eb2-anderrodriguez.jpgBestalde, Ander Rodriguezek, EAEk gobernu-kide duen EB-Zutik koalizioko bozeramaileak ere modu positiboan baloratu du orain artekoa. "Gobernu garden eta informatzailea izatera pasatu gara, herritarrak eta kolektiboak kontuan hartzen ditugu; haiei bizkarra ematetik pasatu gara aurpegia ematera, eurekin kontatuz". Gaineratu du "baldintzak oso egokiak ez izan arren (2006ko aurrekontuarekin gabiltza…) garrantzia handiko erabaki sozialak" hartu dituztela; Ongizate Sailean "gizarte zerbitzuak osotu" izana ipini du adibide moduan: itxaron zerrendan zeudenei zerbitzua ematen diegu eta oro har, ordu kopurua ere gehitu dugu zerbitzu sozialei dagokienean. Beste adibide moduan aipatu du olioa batzeko edukiontzien sistema pioneroa laster "enpresa talde handi" batek garatuko duela. Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarekiko harremanari bueltan eman diotela ere esan du, "horrek inbertsio garrantzitsuak ekarriko" dituela gaineratuz. Horrez gainera, datozen lau urterako inbertsio plana iragarri du, plan hori "oposizioarekin adosteko asmoarekin".


Gobernuan ez dauden alderdiak


Gartzia: "Koherentzia eskatzen diogu Gobernuari hauteskundeetan agindutakoarekiko"


pse1-pacogarcia.jpg
Koherentzia eskatu dio Gobernuari Paco Gartziak, PSE-EEko bozeramaileak, "koherentzia hauteskundeetan aurkeztutako programaren eta gauzatzen dituzten ekimenen" artean. Horrez gainera, etxebizitzaren arazoa, gizarte zerbitzuetarako itxaron zerrendak, erraustegia, merkatal zentroa edo Ikutixo. Halaber, besteak beste, berretsi dute PSE-EEko zinegotzirik liberatu ez izana.
Eta EBri azalpenak eskatu diote EAErekin gobernua osatu duelako.






Apraitz: "Udal gobernuak ez du proiektu argirik Arrasate hobetzeko"



eaj1-luismariapraitz.jpgLuis Mari Apraitzek, Euzko Alderdi Jeltzaleko ordezkariak uste du Udal gobernuak ez duela proiektu argirik Arrasate hobetzeko. Ideia falta aurpegiratu dio udal gobernuari eta oro har, EAJk dio zaila dela modu positiboan baloratzea hasiera hau. Udal taldea berandu eratzeak, abuztuko oporrek eta zinegotzi berriek udal errealitatearekiko duten deskonexioaren ondorioz, egindako lanak ez du erakutsi planteamendu argirik gobernuak legealdian garatzeko, EAJren ustez. Horrekin batera, nabarmendu du jarrera pasiboak areagotu direla, Arantzazuko erromesaldian gertatutakoak erakusten duen moduan. Hori bai, zinegotzien arteko harremana begikotasunezkoa dela ere aipatu du.





Lamarain: "Berandu dabiltza dagoeneko, halere, behin-behineko konfiantza ematen diet"



pp1-itziarlamarain.jpgAlderdi popularrak, berriz, gobernua berandu dabilela azpimarratu du. Itziar Lamarainek, PPko bozeramaileak dio ezin diola aprobatua eman udal gobernuari orain arte egindakoa ikusita. Lamarainen ustez, ez dago ezer berririk planteatuta. Horixe da Ppko bozeramailearen kexua. Hori argudiatzeko, zera dio: argi dagoena da hauteskundeetatik sei hilabete pasatu direla; galdutakoak dira horiek. Legealdiko 3 urte eta erdi geratzen zaizkigu. Ez badira espabilatzen, denboran motz geratuko dira planteatu diezazkiguketen planak garatzeko. Edozelan ere, behin-behineko konfiantza ere eman gura dio Udal taldeari. Lamarainek dio egin gura dituzten ekintzak herrirako onak badira, bere babesa izango dutela.





Urizar: "Baikortasun zuhurra ematen dit Udal gobernuaren jardunak"



ea1-pellourizar.jpgEusko Alkartasunari dagokionez, apur bat baikorragoak dira udal jardunaren aurrean. Pello Urizarrek, EAko bozeramaileak, aditzera eman duenez, "baikortasun zuhurra eragiten dio Udal gobernuaren jardunak". Hori bai, Ppk moduan, EAk ere nabarmendu egin du udal gobernua berandu samar dabilela. Hori horrela, 100 egun ematen zaizkio, eta gehiago pasatu direla onartzen du; baina horrekin batera, zera ere gaineratu du: "gobernuko alderdietako bat egoera berezi batetik datorrela ezin dela ahaztu eta, hori dela-eta, malgutasun berezia merezi duela". Urizarrek zera dio: Ez doaz bizkor, baina bizkortasunak ere ez digu emaitza onik ziurtatzen.





Etxeberria: "Aurrekontuaren muga pasatu behar da balorazioetarako, orduan irits daitezke alderdiak zehaztasunetara"



aralar1-joxeetxeberria.jpgBukatzeko, Aralarren izenean, Joxe Etxeberriak dio udal jardunaren balorazioa egiteko aurrekontuaren muga pasa behar dela, horrekin lotuta joan beharko lukeelako lau urtetako proiektuen bistaratzea eta horien arabera irits daitezkeelako alderdiak adostasun zehatzetara. Edozelan ere, eta balorazioa egin ez arren, Etxeberriak helarazi ditu Aralarren ustez argitu beharreko gaiak zeintzuk diren. Hain justu ere, Aralarrek dio antolaketari dagokionez, parte hartzeko eskaera egina dutela. Hirigintzan zera eskatzen dutela: Garagartzan dentsitate txikiko etxerik ez; auzoaren hazkuntza mugatu beharren arabera, desoreka sortu gabe; Ikutixo natur gune izendatzea, Zabaletako proiektua berraztertzea eta Arrasate Iraunkorra aldarrikatzen dugu. Horrez gainera, berebiziko garrantzia du Aralarrendako Euskara Biziberritzeko Plana abiaraztea.



ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak