Aretxabaletako Udalak UEMAko -Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea- kide izateko proposamena onartu zuen, eguaztenean egindako ezohiko osoko bilkuran, EH Bilduko zazpi zinegotzien aldeko botoekin eta EAJko hiruren kontrakoekin. Euskararen etorkizuneko erronkei erantzuteko erabaki estrategikotzat jo zuen erabakia Udal Gobernuak; oposizioaren ustez, aldiz, UEMAk eskaintzen dituen zerbitzuak emateko baliabide nahikoa ditu Udalak.
Aurrekontuak onartzeko egindako ohiko osoko bilkuran bozkatu zuten lehen aldiz mankomunitatean sartzeko proposamena. EH Bilduko sei zinegotzik alde bozkatu zuten, eta EAJko laurek, kontra. Gehiengo sinplea lortu arren, erabakia hartzeko beharrezkoa zen gehiengo absolutua ez zuten eskuratu. Horregatik, ezohiko osoko bilkura deitu zuen Udal Gobernuak eguaztenerako.
Elkarlanerako aukera
Gari Iturbe alkateak harriduraz hartu zuen EAJren jarrera, UEMAko 118 udalerrien artean bi alderdi politikoek gobernatutako herriak daudela gogorarazita. Aretxabaletak Euskara teknikaria eta hizkuntza politika propioa dituela aitortu arren, mankomunitateko kide izateak bestelako baliabideak eskuratzeko aukera emango diola nabarmendu zuen. "UEMA ez dator hemengo lana ordezkatzera, ekarpen bat egitera baizik", azaldu zuen Iturbek. Udal teknikarientzako laguntza teknikoa, prestakuntza eta beste udalerri euskaldunekin lan-estrategiak partekatzeko aukera aipatu zituen alkateak. Euskararen egungo egoerari erreparatuta, beharrezkotzat jo zuen urratsa egitea.
EAJ, aurka
Mikel Uribetxebarria EAJko bozeramaileak antolakuntza kontua dela argudiatu zuen. UEMAk euskara edo kultura teknikaririk ez duten udalerri txikiei eskaintzen dien zerbitzuaren balioa aitortu zuen, baina Aretxabaletaren egoera bestelakoa dela uste du: "Baditugu baliabide propioak, erronkari aurre egiteko". Mankomunitateko kide izateak 16.000 euroko kostua izango duela azaldu, eta UEMAren estatutuetan jasotako zerbitzuak Udalaren egungo baliabideekin eman daitezkeela defendatu zuen.
Euskararen egoera, kezkaz
Udal Gobernuak euskararen arloko aurrekontua handitu egingo du datorren urtean. Iturbek aurreratu zuen laster argitaratuko dituztela Aretxabaletako errealitate linguistikoari buruzko azken datuak, eta euskararen egoerak sortzen dien kezkarekin lotu zuen UEMAn sartzeko erabakia.