Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko hiru eguneko egitaraua prestatu dute Udalak, Leintz Udal Euskaltegiak eta Loramendi Euskara Elkarteak elkarlanean. Abenduaren 1ean hasiko dira ospakizunak, eta hiru egunez izango dira ekintzak herrian: euskaltegiko jaia, bakarrizketa, bisita gidatua, txokolate-jana eta kantu-kalejira.
Martitzenean hasiko dira ospakizunak, 17:00etan, euskaltegian bertan egingo duten jaiarekin. Eguaztenean, berriz, umoreak hartuko du lekukoa: Janire Atxurrak Ze esatona izeneko bakarrizketa egingo du, 19:30ean, udaletxe zaharrean.
Eguenean, kantu-kalejira
Euskararen Egunean, hilaren 3an, Aitor Antxiak Ezagutu Aretxabaleta bisita gidatua egingo du, 17:00etan, Loramendiren eskulturaren ondotik abiatuta. Ondoren, 18:00etan, txokolate beroa banatuko dute udaletxe zaharrean. Egunari amaiera emateko, 18:30ean, kantu-kalejira herrikoia abiatuko da Loramendiren egoitzatik. Kalejiran zehar, Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak euskararen erabilera sustatzeko kaleratutako kartelak jarriko dituzte herriko kaleetan. Kartelak eskuratu naho dituzten herritarrek taupamugimendua.eus webgunean egin dezakete eskaera.
