Hutsik dauden lokalak etxebizitza bihurtzea ahalbidetuko du Aretxabaletako Udalak

Oier Zumarraga Aranburu

Lurzoru berririk okupatu gabe herriko etxebizitza eskaintza handitzea da udal ordenantza berriaren helburua.

Erabilerarik gabeko beheko solairuko lokalak etxebizitza bihurtzea ahalbidetzeko ordenantza aho batez onartu zuen Aretxabaletako udalbatzak azaroaren 18an, hasierako onespena emanda. Araudi berriak 2003koa ordezkatuko du, gaur egungo hirigintza, etxebizitza eta irisgarritasun baldintzetara egokituta. Testua azaroaren 2ko batzordean landu zuten, udal taldeen ekarpenak jasota.

Lurzoru berririk okupatu gabe etxebizitza eskaintza handitzea eta hutsik dauden lokalei erabilera ematea dira Udalaren helburuak. Merkataritza-ardatzak, baina, babestuta egongo dira, eta lokal bakoitza banan-banan aztertuko dute. Fatxaden diseinuak eraikinarekin bat etorri beharko du, eta sarbideek ikusgai egon beharko dute.

Etxebizitza tasatuak

Lokaletatik sortutako etxebizitzak udal etxebizitza tasatuak izango dira, salmenta zein alokairu prezio mugatuekin. Ezingo dira erabilera turistikorako baliatu, eta bizigarritasun-baldintzak bete beharko dituzte, argi eta aireztapen naturalari, isolamenduari eta irisgarritasunari dagozkienak, besteak beste. Ez da etxebizitzarik onartuko sotoetan edo erdisotoetan.

Ordenantzan jasotako 98 atarietatik 81etan erabilera-aldaketa baldintza berezirik gabe aztertu ahal izango da; gainerako hamazazpietan, berriz, baldintza zehatzak bete beharko dira. Araudia hilabetez egongo da jendaurrean, alegazioak aurkezteko, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik. Ondoren, udalbatzak behin betiko onartuko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak