Sailkapenean hamazazpina punturekin iritsi dira gaurko partidura UDA eta Sodupe, eta lehen minutuetan antzeman da bi taldeen arteko parekotasuna. Lehen minutu orekatuen ostean, kanpoko taldeak eman du lehen kolpea, 0-1 aurreratuta. Izan ere, eskuin hegaleko jokaldi baten ostean, Markel Barcenasek sartu du gola hamahirugarren minutuan.
Etxeko taldeak, burua makurtu ordez, erasora jo du eta aukera garbiak sortzen hasi dira aretxabaletarrak, baloia bi aldiz zutoinera bidaltzeraino. 34. minutuan, epaileak penaltia adierazi du UDAren alde, Cristian Ramosi defentsak heldu egin baitio erdiraketa batean. Ramosek berak maisuki jaurti du hamaika metroko puntutik, markagailuan berdinketa ezarriz.
Atsedenaldira orekatuta iritsi dira bi taldeak eta bigarren zatian ere gol gosez zelairatu da etxeko taldea. Aukera garbienak UDAk izan ditu bigarrenean ere eta, partidua berdinketarekin amaituko zela zirudienean, eskuin hegaletik egindako jokaldi batetik etorri da etxekoen bigarren gola, 83. minutuan. Urko Erañak sartu du.
Garaipenaz gain, partiduak utzi duen beste albiste pozgarrietako bat Jagoba Lasaren itzulera izan da. Izan ere, pubalgia arazoekin aritu ostean, minutu batzuk jokatu ditu.